Txirikordak 2 urte

"Segi bidea urratzen, segi eredu izaten"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 17a

Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak bi urte bete ditu eta bai, bada zer ospatua, urtemuga festaren baitako ekitaldi nagusian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak nabarmendu duenez.



Bi urte bete ditu Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak. Larunbat honetan, maiatzaren 16an ospatu dute eraikinaren atarian. Eta bai, "nire ustez badaukagu zer ospatua", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak urtemuga festa horren ekitaldi nagusian, "izan ere, hemen lan handia egin dugulako guztiok, bai Txirikordako komunitateak, baita Usurbilgo Udalak ere, Txirikorda proiektu arrakastatsu bat izateko". Lorpen kolektibotzat jo du, egitasmoak orain arte eginiko ibilbidea eta izan duen harrera ez soilik herri mailan, baita Usurbildik kanpo ere.

"Ez zarete imajinatzen zer nolako leku esanguratsua topatu duen Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Amaigabea da egiten zaizkigun eskaerak Txirikorda ezagutzeko, Txirikorda badelako proiektu berritzaile, eraldatzaile bat eta ondorioz, interesa eta jakinmin handia pizten duelako", nabarmendu du alkateak.

Egitasmo berritzailea da Txirikorda, aurrekaririk gabekoa. Horregatik, "gure inguruan ez da dago gisa honetako proiekturik, eta ondorioz, egin behar izan dugun sormen lan izugarria, bai Udalaren eta Txirikordaren aldetik ere".

"Laborategi soziala"
Jada bi urteko bidea egina du Txirikordak eta bide hori urratzen dihardute. "Bagoaz bidea egiten urrats sendoz, Txirikordak etorkizun oparoa izan dezan". Oparotasun horren gakotzat jo du Solaberrietak "bertan bizi den komunitatea egiten ari den ahalegina", izan ere, "hemen bizi direnek ulertu dutelako zer den Txirikorda, zer den Txirikordatik sustatu nahi dugun ikuskera, sustatu nahi ditugun baloreak eta hori barneratu eta balore horiek guztiak lantzen ari direlako".

Besteak beste, etxebizitza larrialdiari erantzuten dio Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak baina ez horri soilik, "Txirikordatik sustatu nahi dena hori baino gehiago da; bizi proiektu kolektiboak sustatzea, komunitatean bizitzea eta gainera, belaunaldiarteko proiektu batean bizitzea. Beraiek esan duten bezala, gaur egun nagusi diren jarrera indibidualistetan bizi dugun gizarte honetan, zer garrantzitsuak diren halako proiektuak".

Alkateak "laborategi sozial" gisa definitu du Txirikorda, "esperimentu soziala da, Txirikordan Usurbil txiki bat bizi delako. Gure herria anitza da eta Txirikordan aniztasun asko elkarbizi dira; batetik, adin aniztasuna, baina baita ere jatorri aniztasuna eta jatorri aniztasunarekin batera, kultura, hizkuntz aniztasuna eta hori dena kudeatzea, eguneroko jardunean ez da erraza eta horregatik iruditzen zait ere, Txirikorda horretan ere eredu dela".

"Zorionak egiten ari den bideagatik"
Horregatik guztiagatik zoriondu nahi izan ditu alkateak Txirikordako bizilagunak. Egitasmoa inon garatzea ahalbidetu bazitekeen, hori Usurbilen zela argi du Solaberrietak. "Beti galdetzen didate ea ez ote nuen beldurrik sentitu, halako proiektu bat abiarazteko garaian, eta ez dut dudarik beldurra bai, ardura bai, azkenean, Txirikordak ere inbertsio ekonomiko handia eskatu duelako, baina ez nuen dudarik, inon Txirikorda posible bada hori Usurbilen dela, usurbildarren konpromiso sozial eta politikoa handia delako. Hori da gure herriaren aktibo garrantzitsuena eta zure komunitatea, zure herria ezagutzen duzunean, badakizu lorontzi hori egitea posible dela. Milesker, zorionak egiten ari den bideagatik. Segi bidea urratzen, segi eredu izaten eta hala jarraituko dugu, elkarren laguntzan eta elkarren babesean. Zorionak!".