Txirikordak 2 urte

Betetako bi urteak komunitatean ospatu ditu Txirikordak

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 17a

Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak bi urte bete ditu. Bigarren urtemuga ospatu du larunbat arratsalde honetan, bere bi ezaugarri nagusiei gorazarre eginda; belaunaldiarteko topaketa antolatu baitute, urteurrena komunitatean ospatu dute.

Belaunaldiarteko bizitza komunitarioari gorazarre egin diote larunbat arratsalde honetan, maiatzaren 16an, Ugartondon. Izan ere, bertan kokatua dagoen Txirikorda egitasmoak bi urte bete ditu. Herri proiektu honen bi ezaugarri nagusiak txirikordatu ditu ospakizunak; belaunaldiarteko topaketa izan da eta bigarren urtemuga komunitatearekin, herriarekin ospatu nahi izan dute Txirikordako bizilagunek.


Denentzako eskaintza antolatu dute. Gaztetxoenentzako sokatira txapelketa, aurten lehen aldiz irtendako buruhandi biziak edota txokolate gozoa dastatu ahal izan dute. Helduentzako, aldiz, toka txapelketa antolatu dute. Jan-edanarekin batera, The Hastelen´s herriko taldekoek musikatu dute ospakizun arratsalde hau.

Txoko batean kaxa bat ere utzi dute herritarrek bere ekarpenak egin zitzaten. "Zer espero duzu Txirikordarengandik?" galderari erantzutea proposatzen zuten. "Bertan, zuen pentsamenduak, nahiak eta ideak jasotzera gonbidatzen zaituztegu, Txirikorda komunitatea ez baita bertan bizi garenona bakarrik, baita bertara urreratu eta ekintzetan parte hartu eta laguntzen duen ororena da".

"Elkartuz komunitatea sortzen" zioen Txirikordako bizilagunek haien eraikinean esekitako pankarta erraldoiak. Horren islada argia izan da larunbat honetako bigarren urtemuga jaialdia.