Maiatzak 17 ditu igande honek. LGBTIQ+ Fobiaren Aurkako Eguna da gaurkoa. Buruntzaldeko mugimendu transmaribibolloa eta feminista Hernaniko kaleetan barrena mobilizatu da eguerdi partean, "erasoen aurrean, erresistentzia transmaribibolloa!" aldarripean. Izan ere, "aski dela esateko eguna da gaurkoa" adierazi dute, mobilizazio amaierako manifestuaren bidez.
Oso kezkagarritzat jo dute "eskuin muturraren gorakada", Buruntzaldeko mugimendu transmaribibolloa eta feministak salatu duenez, "inpunitate osoz jarduten dute sexu eta genero disidenteon kontra. eta testuinguru horretan, "TERF diskurtsoen zabalkundea Euskal Herrian" deitoratu dute.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat jo dute "kaleetan antolatzen jarraitzea". Horretarako, ordea, "Buruntzaldeko mugimendu transmaribibolloa eta feminista indartzea ezinbestekoa da. Hemendik, dei egin nahi diegu Buruntzaldeko LGBTIQ+ pertsona guztiei zein sexu-genero disidentzia guztiei artikulatzera eta antolatzera animatzeko". Pertsona zisheteroak ere interpelatu dituzte, izan ere, ohartarazi dutenez, "denon askatasuna da kolokan dagoena!".
Gogorarazi dutenez, "askatasunez bizitzeko behar ditugun baldintzak lortzea dugu xede".
Anuk eta Elene herrikideek kantuan girotu dute mobilizazio amaiera. Segidan duzue, manifestazio amaieran plazaratu duten adierazpena osorik:
LGBTIQ+ FOBIAREN AURKAKO EGUNA 2026
Sexu eta genero disidenteon salaketa eta borroka eguna da gaurkoa. Azken hamarkadak eman ditugu sexu-genero askapen mugimenduetatik bizitza eredu normatiboak eragiten dituen indarkerien aurrean gure gorputzak jartzen, LGBTIQ+fobiak dituen aurpegi ezberdinak salatzen eta borrokatzen. Aski dela esateko eguna da gaurkoa.
Argi dago eraso horien atzean, pentsamendu, jarrera eta jokabide LGBTIQ+foboa, klasista, sexista edota arrazista duten pertsonak daudela eta erantzukizuna beraiena dela. Baina pertsona horiek komunikabide eta instituzio ezberdinetatik entzuten dituzten gorroto diskurtsoetan justifikatzen eta indartzen dira.
Testuinguru horretan, ezin dugu aipatu gabe utzi eskuin muturraren gorakada. Jarrera erreakzionarioek gero eta presentzia handiagoa dute gure kaleetan eta instituzioetan... Inpunitate osoz jarduten dute sexu eta genero disidenteon kontra. Bernedoko udalekuen aurka artikulatu den lintxamendu kanpaina ikusi besterik ez dago. Ezinbestekoa da antolatzea eta horiek gaitzestea.
Horren aurrean, irmoki esaten dugu: kezka handiz bizi dugu TERF diskurtsoen zabalkundea Euskal Herrian. Onartezinak dira, mugimendu feministaren izenean, trans pertsonen aurkako bazterketa eta gorrotoa sustatzen dituzten jarrerak. Euskal Herriko mugimendu feminista ez da trans baztertzailea eta askotariko subjektuok osatzen dugu, baita kolektibo transmaribibolloak ere!
Horregatik, beharrezkoa da kaleetan antolatzen jarraitzea. Buruntzaldeko mugimendu transmaribibolloa eta feminista indartzea ezinbestekoa da. Hemendik, dei egin nahi diegu Buruntzaldeko LGBTIQ+ pertsona guztiei zein sexu-genero disidentzia guztiei artikulatzera eta antolatzera animatzeko.
Sexu-genero askapena, ordea, ez da soilik guri dagokigun kontua; jendarte osoaren aldarrikapena behar du izan, baita pertsona zisheteroena ere. Denon askatasuna da kolokan dagoena!
Askatasunez bizitzeko behar ditugun baldintzak lortzea dugu xede, eta horretarako, gure arteko sare iraunkorrak indartzen, artikulatzen, elkar-zaintzen eta antolatzen jarraituko dugu. Azken batean, gu guztion eskubideak aldarrikatzen ari gara!
Gora sexu genero askapena!
Gora mugimendu transfeminista!