2026-27

Kadete eta jubenil mutilak Euskal Ligan lehiatuko dira

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 17a

Bi taldeek Euskal Ligarako igoera erdietsi dute egunotan, Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez.

Asteburu ezin gozoagoa Usurbil Kirol Elkartearentzat. Izan ere, egunotan murgiltzerako jada jakin bazekien Usurbil K.E.-k bat ez, bi talde lehiatuko direla hurrengo denboraldian Euskal Ligan; kadete eta jubenil mailan lehiatzen ari diren mutilen taldeak hain zuzen.

"Asteburua ederki hasi du Usurbil Kirol Elkarteak. Klubeko kadete eta jubenil mutilen taldeek 2026/2027 denboraldian Euskal Ligan ariko direla matematikoki ziurtatu dute, azken jardunaldiko garaipenaren ostean", jakinarazi dute eskubaloi taldeen bilgunetik.

Julen Nazabalek zuzendutako jubenil mutilek ostiralean erdietsi zuten aipatu Euskal Ligarako igoera "ofizialki, Corazonistas taldearen aurkako garaipenari esker. Denboraldi osoan erakutsitako mailari azken bultzada eman zioten usurbildarrek, eta garaipen horrekin sailkapena lotuta geratu da modu matematikoki. Taldeak urte osoan erakutsi duen sendotasuna eta erregulartasuna giltzarri izan dira helburua eskuratzeko", Usurbil K.E.-tik nabarmendu dutenez.
 
Horretarako, gaineratu dutenez, "kadete mutilek aurreko astean utzi zuten bideratuta igoera. Hiru garaipen jarraian lortuta, Euskal Ligarako txartela oso gertu zuten, eta ostiraleko emaitzak baieztatu besterik ez du egin. Belaunaldi honek denboraldi osoan erakutsi duen lehiakortasunak fruitua eman du azkenean".

Sari bikoitza
Baten faltan bi igoera bizi izan ditu Usurbil K.E.-k egunotan. "Bi igoerek sari bikoitza dakarte klubarentzat, harrobiko taldeek azken urtean egiten ari diren lanaren erakusgarri. Usurbil KE-k aspaldian eman dio garrantzia oinarrizko eskubaloiari, eta emaitzek agerian uzten dute entrenatzaile, jokalari eta familien arteko lan bateratua".
 
Ildo horretan, gaineratu dutenez, "Oiardo kiroldegian bizi izan diren azken jardunaldiak giro apartaz jokatu dira gainera, eta harmailetan bildutako zaleek gertutik ospatu ahal izan dute klubaren lorpen berri hau".