"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" zikloari hasiera eman zaio igande arratsalde honetan, maiatzaren 17an Sutegin. Izatez, ostiralerako zegoen iragarria lehen hitzordua, baina ikuskizunen arloko profesionalen greba eguna tarteko, bi egun geroago egin zuten aipatu ekitaldia. Bertan, Oskar Alegriaren “Oteiza 14 apostolu” filma eskaini eta segidan, zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izan zuten kultur-etxeko auditoriora joandakoek.
Sutegin proiektaturiko filmak "45 minutu irauten du, eta Japonian, Txilen, Londresen, Parisen eta Arantzazun filmatua da. Hala, Oteizaren pentsamenduari buruzko irakurketa garaikide bat proposatzen du, askotariko ahots eta begiradetatik abiatuta”.
Remigio Mendiburuk Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omenez sortu eta frontoi ondoan kokaturiko eskulturaren inaugurazioak 60 urte betetzear dituela egin da ekitaldi hau eta hilaren 22rako programatua dagoena. Izan ere, inaugurazio ekitaldi haren bueltan, hainbat kultur ekitaldi egin ziren eta tartean, Rikardo Arregik euskararen aldeko diskurtso gogoangarria plazaratu zuen. Bertan zen baita, igande honetako filmeko protagonista, Jorge Oteiza bera ere.
Maiatzaren 22an beteko da, ostiral honetan bertan, gertakari haien 60. urtemuga. Urteurren horren harira, ondoko hitzordu sorta antolatu da hilaren 22rako:
"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago"
Maiatzak 22, ostirala
18:00 “Zutik” film emanaldia Sutegiko auditorioan. Rikardo Arregik Usurbilen 1966an emandako hitzaldi gogoangarria oinarri hartuta Maluta Filmsek ekoitzitako film laburra, “euskaltzale andoaindarrak euskal gizartean utzi zuen arrastoa azaltzeko, gaur egun, tamalez, orduan esandakoek duten gaurkotasunaz jabetu gaitezen”.
Segidan, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia. Bertan parte hartuko dute Ainara Mendiolak (filmaren zuzendaria), Ismael Manterolak (Arte Ederren Fakultateko dekanoa) eta Idurre Eskisabelek (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia).
Itxiera, Remigio Mendibururen eskulturan emango zaio. Parte-hartzaileak: Maialen Lujanbio eta Jakoba Errekondo.
Sarrerak: gonbidapenak doan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta 650 Usurbil Bizi.