Maiatzaren 16an, oraingo honetan Otxandion egin zuen Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere Udalerri Euskaldunen Eguna. Bertan egin zuten urteko lehen batzar nagusia. 125 bat alkate eta zinegotzi elkartu zituen hitzorduak, besteak beste, Usurbilgo udal ordezkaritza. "Mankomunitatearen jardunaren ohiko kontuez gain, 2026an aurkeztutako Lurralde Estrategiaren eta Esnatu dinamikaren ingurukoak" hartu zituzten ahotan UEMAren esanetan, "ekarpenak eta babesa jasotzeko UEMA alderdiekin zein Euskal Herri osoko alor askotariko eragileekin egiten ari den bileren berri emanez". "Esnatu" izeneko dinamikaren harira, "UEMAko kide diren udalek ere konpromiso eta neurri zehatzak hartuko dituzte, arnasguneen gainbehera iraultzeko eta udalerri euskaldunak sendotzeko".
Horrez gain, Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat egiteko deia egin zuten mankomunitatetik.
Azkenik, festak eta aldarrikapenak bat egindako jaieguneko ekitaldi nagusian, "kezkatzeko arrazoiak ere badirela" ohartarazita, Euskal Herria euskaldunetik urrunduko gintuzkeen "arnasguneen desagertze prozesua" etetea xede duten urgentziazko hamar neurri aurkeztu zituen aipatu mankomunitateak, segidan zerrendatuak dituzuenak eta "udalez gaindiko erakundeen esku daudenak". Hamar neurriok "larritasun egoerari aurre egiteko eta arnasguneei eusteko ezinbestekoak" dira, "administrazio publikoek udalerri euskaldunetan epe motzean hartzeko modukoak".
UEMAren urgentziazko hamar neurriak
1. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan ematen dituzten zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzen direla bermatzea.
2. Udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia euskaraz izateko betebeharra ezartzea.
3. Udalerri euskaldunetan garatu beharreko planek, proiektuek eta askotariko egitasmoek euskarari eragin kaltegarririk ez sortzeko neurriak hartzea.
4. Ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazio dinamika martxan jartzea.
5. Euskalduntze-alfabetatze ratioak jaistea eta doakotasuna bermatzea maila guztietan.
6. Helduen hezkuntzan euskara ardatz gisa ezartzea, herritar etorri berrientzako murgiltze-neurrietan.
7. Haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko murgiltze ereduak abiatzea.
8. Udalerri euskaldunetako haur eta gaztetxoen euskararen erabilera babesteko neurriak hartzea, haien ikasketa-ibilbide osoan zehar.
9. Familia zaurgarrietako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko neurriak hartzea.
10. Udal langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta udalen euskarazko funtzionamendua bermatu dadin neurri juridikoak hartzea.
Informazio gehiago uema.eus atarian eskura dezakezue.