Jai eta aisialdi guneetako eraso matxistei aurre egiteko protokoloan hezten

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 20a

Protokolo horri lotutako formazio saioa egin zuten maiatzaren 14an Potxoenean. Hainbat herri eragileetako ordezkariek parte hartu zuten hitzorduan.

Udaberrian sartuta, udazkenera arte ospakizun ziklo luzea datorkigu, igande honetan, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Egunarekin hasita. Jai eta aisialdi guneetako eraso matxistei aurre egiteko protokoloa badu herri honek 2019. urtetik. Hura eguneratu eta indartzeko eginiko lanketa aurkeztu zuten iazko ekainean, lankidetza horretan parte hartutako Udalak eta eragileek, Sortzen aholkularitza zerbitzuarekin batera. "Protokoloak hainbat atal ditu: indarkeria mota desberdinen definizioa, prebentzioan eta sentsibilizazioan egin daitezkeen lanketak, esku hartzeko jarraibideak, nola esku hartu egoera bat edo beste denean, erantzun publikoa eta kasuak gertatzen direnerako baliabideak".

Protokolo horren ezagutza sustatzeko formazio saioa egin zuten iragan maiatzaren 14an. Sortzen aholkularitza zerbitzuak bideraturiko saioan parte hartu zuten udal eta jaietako zein aisialdi alorreko hainbat herri eragileetako ordezkariek. "Protokolo hori jai eta aisialdiko antolatzaile guztiek ezagutzeko garrantzia tarteko, protokoloaren edukiak azaldu, iazkoaren balorazioa egin eta hobetzeko proposamenak landu zituzten Sortzen elkarteko Sheila Melconekin, herriko ospakizunak hasi aurretik", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez.

Baliabideak
Halako ekimenen beharra azpimarratu dute. "Izan ere, jai eta aisialdi guneak, sarri, segurtasun gabeko inguruneak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ pertsonentzat, haien genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik, bereziki, gauetan. Halako erasoen aurrean jarduteko modua hobetu eta erasoak prebenitzea da protokoloaren helburu nagusia, indarkeria matxistari modu kolektiboan eta koordinatuan erantzutearekin eta biktimei behar duten arreta babesa ematearekin batera".

Halako formazio saioetatik haratago, "udalak, baliabideak eta euskarriak jartzeaz gainera, festa edo jaiegun bereziak antolatzeko eskaerak jasotzen dituenean protokoloa helaraziko die eskatzaileei, denek ezagutu eta aplikatu dezaten".

Horrekin batera, herritarrei begira, haiek "oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzea ere beharrezkoa dela iritzita, kartelak egin dira, oinarrizko jarraibideekin: Eraso matxista baten lekuko bazara, ez epaitu, entzun, babestu leloa daramate, eta biktimak hala nahiko balu, laguntza eskatzeko baliabideen telefonoak ere karteletan adierazita daude".

Leku seguruak
Iaz, gainera, leku seguruak txertatu zituzten baliabide sare horretara; erasoen biktima dena lasai senti ahal izateko, "jai edo aisialdi guneetatik aparte, eta aldi berean eskura dauden lekuak". Guneok, Udaletik gogorarazi moduan, "shock egoera gainditzen hasteko aukera ematen diote biktimari: gertatu zaiona kontatzeko modua emateko ezinbestekoa da".

Aurten ere, iaz bezalaxe, "herriko eta auzoetako festa bakoitzerako leku seguruak iazko berberak izango dira. Horietara sartzeko giltza atean egongo da, kutxa batean barruan, eta kutxa irekitzeko kodea txosnetan eskatu ahal izango da: biktimak artatzeko ezarritako lekuak izanik, arduraz erabiltzera deitu dituzte herritarrak".

Indarkeria matxistarik gabeko gunea
Aurreko urteen ildotik, gune hau kokatuko dute igandeko, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Egunean, 18:00-23:00 artean Mikel Laboa plazan.