Lanuztea egingo dute Udarregi ikastolako langileek ostegunean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 19a

Udarregi ikastolako langileek iazko azaroa amaieran eginiko itxialdia.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak betearaztea eskatzeko itxialdia egin zuten iazko azaroan Udarregi ikastolako langileek. Borroka horretan dihardute. Ostegunerako lanuztea deitu dute 15:30etatik aurrera.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak betearaztea eskatzeko itxialdia egin zuten azaroaren 26tik 27ra Udarregi ikastolako langileek, gainerako ikastoletakoen antzera. Lan-gatazka ez da bideratu hilabeteotan. “Hezkuntza Saila sinatuta dagoen Akordio Laborala betetzeari iskin egiten ari zaio. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak eta langileok argi dugu: sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa dugu. Dagokiguna defendatuko dugu!”, iragarri dute.

Testuinguru horretan, ostegunean, maiatzaren 21ean, “herritarrei gure aldarrikapenen berri emateko asmoz” ordubeteko lanuztea egingo dute arratsalde partean, 15:30-16:30 artean. Kotxe karabana egitekoak dira herrian barrena, “gure aldarrikapenak ozen entzun daitezen”.

Tarte horretan, "lanuzteak irauten duen bitartean, ohiko ikastolako jarduera ezingo da bermatu. Lanuzteetan ez da zerbitzu minimorik eskaintzen", ohartarazi dute.

Konpromisoak betetzeke
Udarregi ikastolako langileak ez dira lanuztea egingo duten bakarrak izango. Lanuzte eguna Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletara hedatuko da. "LABetik maiatzaren 21erako lanuzteetara deitu ditugu ikastoletako langileak, Hezkuntza Sailari 2023an sinatu zuen akordio laborala bete dezan exijitzeko", aipatu sindikatutik jakinarazi dutenez.

LAB-etik gogora ekarri dutenez, "akordio laboralean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izango zuten hainbat konpromiso jaso ziren; horien artean, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetakoenekin parekatuko zirela 2027rako. Bestalde, ikastoletako langileen lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuen akordioak, bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria izango zena. Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan-baldintzen azterketa, hain zuzen—. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago".

Ondorioz, LAB-etik ohartarazi dutenez, "akordio laboralean jasotako konpromisoek, beraz, bete gabe jarraitzen dute". Esaterako, "2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren".

Ildo horretan, gogorarazi duenez, "LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu genuen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, Hezkuntza Saila erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an. Hezkuntza Sailak ez zien aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKTko mantentze-lanetako teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantentze-lanetako arduradunei, atezainei, garbiketako langileei eta garraiokoei".

"Ez gaudela prest denbora gehiagoz egoera bidegabe eta baztertzaile hau jasateko"
Testuinguru horretan, "ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrera, entzungor egiten baitie langileek egindako eskaerei", LAB sindikatuaren esanetan. Horregatik, ikastolen elkarteari galdegin dio aipatu sindikatuak "Hezkuntza Sailarekin dituen negoziaketetan gai hau jorratu dezan, akordioan adostutakoak abian jartzeko".

Bitartean, ostegunerako ordubeteko lanuztera deitu ditu ikastoletako langileak. "Hezkuntza Sailari ozen adieraziko diogu ez gaudela prest denbora gehiagoz egoera bidegabe eta baztertzaile hau jasateko".