Sarrerak salgai jartzearekin batera iragarri dute Donostiako Musika Hamabostaldiko Usurbilgo emanaldia

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 19a

Abuztuaren 2tik 30era antolaturiko 87. Donostiako Musika Hamabostaldiko ekitaldietarako sarrerak salgai jarri dituzten egun honetan iragarri dute, ziklo horren baitan Usurbilen eskainiko den kontzertua.

Egitaraua prest izan eta plazaratu dute baita iragarri duten hitzordu eskaintza zabalerako sarrerak salgai jarri ere. 87. Donostiako Musika Hamabostaldiaz ari gara. Aurtengo edizioa, abuztuaren 2tik 30era egingo da. Tarte horretan guztian zehar, antolatzaileen esanetan, "izango da zer etzun eta gozatu: musika sinfonikotik errezitalera, musika zein dantza tradizionaletik abangoardistara, espazio handietan (Kursaal, Victoria Eugenia edo Arantzazu) nahiz Tabakaleran, San Telmon edo Chillida Lekuko proposamen txikiagoetan dira; norberak nahi duena aukeratzeko aukera zabalena izatea da helburua, hartara bakoitzak bere jaialdia eratu dezan".

Ekitaldietarako sarrerak astearte goiz honetan, maiatzaren 19an jarri dituzte salgai: telematikoki, quincenamusical.eus atarian erosi ahalko dira baita presentzialki ere, Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. "Hamabostaldiaren Lagun izateak abantailak eta deskontuak dakartza sarrera solteak eta abonuak erosterakoan, esaterako % 25erainoko deskontua", ohartarazi dute antolatzaileek.

Euskal abeslari eta musikariekin
Hitzordu kopuru amaigabe horren baitan, ziklo ezberdinak antolatu dira urtero moduan; horietako bat, Organo Zikloa izenekoa duzue. "Lurraldeko organo erromantiko baliotsuak entzungo dira, dantzarekin, kantu koralarekin, bertsolariekin edo txistu, alboka, korno ingelesa, zanfona edo biolontxeloarekin batera; S. Máynez Vidalen bi obra estreinatuko dira horretan".

Ziklo horren baitako emanaldietako bat urtero moduan, Usurbilgo Salbatore elizan antolatu dute. Azkenaldian, gainera, organo kontzertua beste musika instrumentu nahiz ahotsekin uztartu ohi dute. Aurtengo kontzertua ez da salbuespena izango. 87. Donostiako Musika Hamabostaldiko Usurbilgo kontzertua, abuztuaren 11n izango da, arratsaldeko 20:00etan. Sarrera doakoa izango da. Usurbilgo Udalak lagundutako hitzorduan, Hayo Boerema ariko da organo jole gisa. "Widor, Hakim, Boerema, Ducau eta inprobisazioak" eskainiko ditu. Euskal abeslari eta musikari ezagunak izango ditu alboan; Mixel Ducau (ahotsa, gitarra, alboka eta saxofoia) eta Caroline Phillips (ahotsa eta zanfona).

Informazio gehiago quincenamusical.eus atarian jaso ahalko duzue.