"Maialenekin egingo dudan saioa bidaia baten modukoa izango da"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 20a

Rikardo Arregiren oihartzuna gogora ekartzeko Jakoba Errekondok eta Maialen Lujanbiok maiatzaren 22an eskainiko duten bertso-saio ibiltarian, Udarregi bertsolarian, berak asmatutako alfabetoan eta garai bateko Usurbilen jarriko dute arreta.

"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" ekitaldi zikloa egingo da datozen egunetan. Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zenuenean aipatu zenuen moduan, bere eraginez hasi zineten etxekoak euskaraz alfabetatzen, ezta?
Rikardo Arregik herri askotan lagundu zuen orduko gau-eskolak antolatzen. Orduan gau-eskolak zirenak, gaur egungo AEK, IKA... euskaltegietan bilakatu dira. Gaur egun, euskaltegiak euskara ikasteko tokiak dira. Baina garai hartan behar zena zen jendea alfabetatzea. Gau-eskola horietan hasi zen jendea alfabetatzen, euskaraz alfabetatzen. Euskaldunak ziren, baina alfabetatu gabeak. Eta garai hartan alfabetatze prozesu indartsu bat jarri zen martxan. Gauez izaten ziren eskolak, jendearen lanorduetatik kanpo. Hara, batez ere, 30-40 urteko jendea joaten zen, jende gaztea, garai hartako jende militantea eta abar. Gure etxean, hiru anai-arreba zaharrenak, erdarazko eskoletara joaten ginen. Gure garaian, mojen eskola eta erdarazko eskola zeuden Usurbilen, La Salleko anaiena. Ikastola kimu txiki bat zen, eskola txiki bat, eta bi anaia gazteenak han hasita zeuden jada. Orduan etxeko anai-arreba zaharrenak eta herriko beste umeren bat hasi ginen gau-eskola horietan alfabetatzen. Imajinatu guretzat zer izan zen hura. Ez dakit zenbat urte edukiko genituen orduan. 7, 8, 9 urte? Hara joaten ginen, jende helduarekin batera. Guretzako hura izan zen oso inportantea. Gure euskararekiko jarrera alfabetatze haren ondorio da.

Sari bat jasotzea beti da berezia, aparta, baina Rikardo Arregi kazetaritza sariko ohorezko mugarria jasotzea are garrantzitsuagoa izango da zure kasuan, ezta? Zure haurtzaroko bultzada hura aldarrikatzeko modu bat izan zen.
Eta ez hori bakarrik. Rikardo Arregik Usurbilen eskaini zuen diskurtsoa ere hor dago. Erdi galduta egon da, inork ez dio heldu eta ez dago inon behar den bezala jasoa. Eta diskurtso horrek, gaur egun ere oso bizirik dagoen eztabaida jasotzen du. Iaz, Rikardo Arregi kazetaritza sariko antolatzaileekin eta epaimahaikideekin hizketan, esan nien Rikardo Arregiren hitzaldiaren 60. urteu-rrena beteko dela aurten. Ez dakit Andoainen zerbait egingo ote duten. Usurbilgo udaletxekoei aipatu izan diet, mereziko lukeela bi herrien artean zerbait egitea.

Maiatzaren 22an 'Zutik' filma eskainiko dute Sutegin. Rikardo Arregiren inguruan osatutako pelikula labur bat da. Eta proiekzioaren ondoren, mahainguru bat egingo da. Arratsaldea borobiltzeko, Maialen Lujanbiorekin batera saio bat eskainiko duzu Remigio Mendibururen eskulturaren aurrean. Ez da solasaldi bat izango, ez da bertso-saio bat izango, baina bietatik izango du. Nola definituko zenuke Maialenekin egingo duzun saioa?
Nik definituko nuke bidaia bat bezala. Bidaia bat egiten duzunean, perspektiba asko dauzkazu. Zer jango dut, non ibiliko naiz, zer ikusiko dut, ze ikasiko dut... Ba maiatzaren 22koa antzeko zerbait izango da. Rikardo Arregi aitzakia bat izango da. Duela 60 urte Usurbilen eskaini zuen diskurtsoa oso inportantea da, argitaratu beharko litzatekeena. Baina Rikardoren diskurtsoa nondik nora dator? Hori da Usurbilen egin beharko genukeen lehen galdera. Zergatik dator Rikardo Arregi hona? Ba, hemen bazegoelako kulturarekiko horrelako sentiberatasun bat.

Euskararekiko eta kulturarekiko kezka bat.
Rikardo Arregi etorri aurretik, baten bati okurritzen zaio Udarregi omendu egin behar dugula. Orain Rikardo Arregiren diskurtso famatuari heltzen diogu. Baina orduan bazen herrian jende multzo bat –eta ez bakarrik aipatu ohi diren bi edo hiru izen, jende gehiago ere bazen–, Udarregi omentzeko modukoa dela erabakitzen duena. Udarregi ez da Usurbilgo lehenengo bertsolaria. Lehenago ere egon dira, eta oso famatuak: Motza Zubietan, Gaztelu Aginagan... Maila handiko bertsolariak. Baina zergatik omentzen dute Udarregi? Hori da niretzako galdera klabea. Hortik abiatuta, bidaia asko sortzen dira. Bat jende multzo hura. Bi, Udarregi. Hiru, Remigio Mendiburu. Eta Remigio ez da edozein eskultore, eta Remigio aukeratzen dute. Eta horrek halako zurrunbiloa eragin zuen.

Remigio Mendiburuk Udarregiren omenez egindako eskulturaren inaugurazioan, hainbat ekitaldi antolatu ziren Usurbilen. Ordukoa Euskal Herriko lehen kultur astea izan zela esaten da.
Ez zen izan eskulturaren inaugurazioa bakarrik. Literatura lehiaketa bat antolatu zen. Gaur egun ez da halakorik egiten Usurbilen. Ez dago horretarainoko potentzialik Usurbilen. Bai, gitarrajole asko dago, eta ez nago horren kontra. Asko gustatzen zait, eta esan dezaket ni ere mugimendu horretako parte izan naizela, neurri batean. Baina literatura lehiaketa bat? Ea non gauden gaur Usurbilen... Beraz, bidaia asko daude planteatzeko eta niretzako inportanteena da Udarregi alfabetatu gabea zela, eta hori da klabea. Hau dena borobiltzen duena. Eta alfabetatutako jendeak antolatu zuela omenaldia, puntakoa, Venezian egon zirenak...

'Ikimilikiliklik' ikuskizuneko partaideez ari zara.
Bai, Artzetarrak zeuden horren oinarrian. Baina horien inguruan bazeuden 'herritar arruntak' esango genukeena, hori dena babesten ari zirenak: ekonomikoki laguntzen, antolaketan... Horiek denak jabetzen dira Udarregik, alfabetatu gabeko pertsona batek, zer nolako garrantzia zuen. Bertso munduan egin zuen ekarpenarengatik, baina baita ere Udarregik, alfabetatu gabeko pertsona batek, alfabeto propio bat asmatu zuelako. Hau da klabe inportanteena. Horrek mugitzen du jende hau. Horrek ekartzen du Remigio Mendiburu gure artera, horrek ekartzen du Oteiza, horrek ekartzen du Rikardo Arregi... Udarregik , halako batean, alfabeto baten premia ikusten du. Zaharra zen ordurako, eta ezin zen alfabetatu. Eta horren aurrean, bere alfabetoa asmatzen du. Eta hantxe, Artikula baserrian marrak egiten hasten da, paretean. Bertso bat etortzen zitzaionean, hantxe apuntatzen zuen, etxeko paretean, eta bere alfabetoan. Gero, tarteka, herriko eskribauari deitzen zion eta Artikulara hurbiltzen zen. Udarregi paretari begira jartzen zen, bertsoak abesten zituen eta eskribauak paperean jasotzen zituen. Eta horrelakorik ez dago inon, ez dago inon. Beraz, hori da duela 60 urteko guztia mugitu zuena. Maiatzaren 22an, bidaia horiek denak egingo ditugu Sutegitik Remigio Mendibururen eskulturarako bidean.

Maialen Lujanbio izango duzu bidaide, eta berak ere landu du Udarregiren figura, ezta?
Sagarrondoen inguruan egiten ditugun ibilaldi horietako batean, Maialenek nirekin ezagutu zituen Udarregiren inguruko kontu hauek guztiak. Flipatu egin zuen eta ez zaio burutik atera. Zumalakarregi museoko artxiboaren interpretazio baterako proposamena egin zioten eta aurten aurkeztu du. Eta Maialenek berak esanda, Zumalakarregiko proposamena abiatzen da Udarregiren alfabetotik. Beraz, Maialen batez ere horretan zentratuko da. Eta ni garai horretako Usurbil irudikatzen saiatuko naiz. Garai hartako plazaren paisajea, orduko frontoia...

Frontoiak ez zuen egungo itxura izango.
Ez zuen estalkirik. Errebote plaza zen, baina gaur egun ezin da errebotean jokatu arkitekto motz batzuen eraginez. Baina errebote plazaren arrastoak han daude oraindik, eta haiek ezagutuko ditugu. Dema plaza zer zen lehenago, hori ere kontatuko dugu. Kotxeak nola ibiltzen ziren bi kaleetan barrena, ganadua nola ibiltzen zen etxe azpitan... Ura edatera askatara joaten ziren, bolatokia... Horiek denak han inguruan zeuden. Gaur egun, Zumetaren zeramikari garrantzia handia ematen diogu. Oso inportantea da baina artearekiko joera 1966an hasi zen, Remigio Mendibururen eskulturarekin. Hori izan zen germena, lehen kimua. Eta ez dago toki horretan kasualitatez. Ulertu behar da zergatik dagoen hor. Maiatzaren 22ko saioan, bidaia horiek denak azaltzea da nire asmoa.

Euskararen eta artearen Usurbil: Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago
Maiatzak 22, ostirala
18:00 Sutegiko auditorioan:
Ekitaldiak:
-“Zutik” film emanaldia Sutegiko auditorioan. Rikardo Arregik Usurbilen 1966an emandako hitzaldi gogoangarria oinarri hartuta Maluta Filmsek ekoitzitako film laburra, “euskaltzale andoaindarrak euskal gizartean utzi zuen arrastoa azaltzeko, gaur egun, tamalez, orduan esandakoek duten gaurkotasunaz jabetu gaitezen”.
-Segidan, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia. Bertan parte hartuko dute Ainara Mendiolak (filmaren zuzendaria), Ismael Manterolak (Arte Ederren Fakultateko dekanoa) eta Idurre Eskisabelek (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia).

-Itxiera, Remigio Mendibururen eskulturan emango zaio. Parte-hartzaileak: Maialen Lujanbio eta Jakoba Errekondo.
Sarrerak: gonbidapenak doan, usurbilkultura.eus plataforman.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta 650 Usurbil Bizi.