Denbora librean pilotan ibiltzen zara, baina gaztetan profesionaletara salto egitekotan ibili zinen. Nola gogoratzen duzu garai hori?
Enpresekin entrenatzen ibiltzen nintzen, beti hor mugan txapelketa onenetan goian ibiltzen nintzen, baina ez nuen aukera hori eduki saltoa emateko. Adinean aurrera egin ahala, 22-23 urterekin, enpresen politika desberdina zen, 18-19 urteko pilotariak nahi baitzituzten debuta egiteko. Beste enpresa txikiago batek kasu egin zidan, eta han bost edo sei urtez egon nintzen.
Munduko txapelketa jolastu eta gero nazkatu egin nintzen. Pilotak asko eman dit, baina zenbait ekintza egiteko aukera galdu nituen. Ez nuen enpresa horretan jarraitu nahi, eta txapelketak antolatzen zituen pertsona batekin hasi nintzen. Talde polita genuen, eta klubean haiekin jolasten hasi nintzen, eta gaur egunera arte.
29-30 urterekin aita izan nintzen, bikiak izan ziren, eta hor, egia da pilota utzi behar nuela uste nuen. Bost-sei hilabete geldirik egon nintzen, eta fabore gisa, ordezko jarri nintzen txapelketa baterako. Titularra izan behar zuenak lehenengo jardunaldiaren aurretik min hartu zuen, eta ez zegoen denborarik beste inor deitzeko. Mesede moduan hasi nintzen, eta berriz ere pilotaren munduan sartzen hasi nintzen, gaur arte. Egia da orain gutxiago entrenatzen dudala. Asko entrenatzea ez da nire ezaugarria izan, baina askotan astean bi edo hiru partida genituen, eta nahikoa izaten zen. Orain, hamar egunean behin jolastuta jarraitzeko aukera eman dit.
Aurten, Euskal Selekzioa Munduko Txapelketan ofiziala izango da, eta selekzioaren lehenengo saio horietan nago entrenatzen. Bi joango dira, eta hor ere aukerekin nago. Txapelketa bat eta entrenamendu batzuk antolatu dituzte, eta oraintxe bertan, horretarako prestatzen ari naiz.
Afizionatu mailan jolasten duzula esan daiteke?
Bai, afizionatu mailan jolasten dut. Egia da kirol desberdina dela pilota. Afizionatuetako goi mailako txapelketak 23-24 urterekin bukatu egiten zaizkizu. Hoberenak Espainiako txapelketara joaten gara. Gustura nabil afizionatu mailan, eta dudan helburuarekin ilusio berezia egingo lidake familia ere Argentinako Munduko Txapelketara joateak.
Euskal Selekzioaren lehenengoa denez, nire azkena ere izango litzateke ez bainaiz 38 urterekin munduko txapelketa bat jolasten ikusten. Nik uste aukera polita dudala aurrean.
Aukerak ikusten dituzu Argentinan urrian jolastuko den munduko txapelketara joateko?
Entrenatzailearekin hizketan egon naiz. Sei pilotari gaude eta lau gara aukera gehienekin ikusten ditudanak, eta lau horien parte ikusten naiz, eta bi horien parte izan naiteke. Aurretik, beste munduko txapelketaren bat jokatu izanak erabakia baldintzatu dezakeela uste dut. Beteranoa izatea eta horrelako partidak jokatzen jakitea baldintzatu dezake. Partida horietako tentsioa desberdina izaten da.
Iaz, Usurbilgo txapelketako garaile izan zinen, aurten zein helburu jarri diozu zure buruari?
Printzipioz, ez dut helbururik jarri, baina lehiatzea izan daiteke. Hori eginez gero, goian egoteko aukera daukagu, eta ea Santixabel egunean jolasteko aukera daukagun. Orain txapelketa batzuetan izen ematen ari naiz, beste helburu hori bete ahal izateko exijentziazko partidak ere jolastu nahi ditudalako.
Nola zabiltza fisikoki helburu hori betetzeko?
Fisikoki gainbehera bat dago. Azkenean, fisikoki beste prestakuntza bat da, denbora aldetik gutxiago entrenatzeko aukera ematen du, gutxi hori ere agian nekatuta eta daukazun denbora gutxi horretan ere zure haurrekin egoteko gogoa daukazu. Orduan, alde batera uzten duzu pixka bat.
Euskal Selekzioaren dei orain dela hilabeteko gauza izan da. Orduan, horrek ere motibatu egin nau, bizpahiru kilo ere galdu ditut eta astean hiruzpalau aldiz entrenatzen hasi naiz. Orain eskolan, 12:30- 14:30ko tarte hori gimnasiora joateko aprobetxatzen dut, gutxienez ordubetez.
Nik uste partidetan ere nabaritu izan dudala aita izan naizenetik, jokoz jaitsi baino partidaren lehenengo zatiari ondo eusten diodala baina azkeneko hamar tantoak luze egiten zaizkidala. Partida asko galdu izan ditut besteak hobe iristen zirelako bukaerara; hau da, partida gogortzen baldin bazen, nire errendimendua jaitsi egiten zen.
Fisikoki nekatuagoa zaudenean, erabaki txarragoak hartzen dituzu, azkarrago bukatu nahi duzu tantoa eta arrisku horrekin eta nekatuta akats gehiago egiten dira.
Zer lortu dezake Usurbilek Gipuzkoako Herriarteko txapelketan?
Gipuzkoako Herriartekoa konplexua da. Hiru mailetan jolasten da kadete, jubenil eta senior mailan, eta askotan aurkari daukazun herriaren mailak eragina izaten du. Nik ikusten dut hemen, jubeniletan maila oneko pilotariak daudela, eta guk kanpoan nahiz etxean irabaziko dutelaren puntuekin kontatzen dugu. Goi mailako jubenilak dituen herri baten aurka lehiatzen baldin bagara, nahiko zailtasun izango genituzke.
Esan didatenez, kadeteak bi anai dira eta ondo jolasten dutela, baina ikusi beharko litzateke. Lehenengo aldia dute parte hartzen dutela, eta horrelako partidetara ez daude ohituta. Frontoia segituan betetzen da, urduritasunak ere kudeatu beharko dituzte.
Nik pilota 16 urterekin utzi zuen futbolari batekin jolasten dut. Niri iruditzen zait Iñigok (Ibargoien) kristoren meritua duela ez delako erraza herri guztiaren aurrera jolastera ateratzea, eta iruditzen zait asko egiten duela. Ni ez nintzateke haren mailan ibiliko hamabost urteetan pilota utzi izan banu.
Aurreko kanporaketa ikusita Eibar sailkatuko da eta iaz ere Eibarren kontra izan genuen. Lehenengo kanporaketa pasa genuen. Hiruna bukatu genuela uste dut. Eibarren guk nagusietan galdu egin genuen, eta Usurbilgo frontoia berezia dela esan behar da, ez dela betikoa. Etxekoak garenok gehiago jokatzen dugu frontoi honetan, eta besteak gutxiago beldurtu eta harmailak ere gertu daudelako. Orduan, hori guretzako aukera da.
Kanporaketa hori gainditzen baldin badugu ez dakit zein den hurrengo aurkaria. Ea hemen giro ona sortzen den, pilota ere sustatzen dugun eta herriak gozatzeko aukera duen, behintzat lehenengo kanporaketa hori gainditzen baldin badugu.
Herriartekoan aurkariak eragina duela esan duzu, Usurbilgo txapelketan ere aurkariak eragina du?
Bai, beti. Frontoia zertxobait motzagoa izateaz gain, estuagoa ez dakit, baina baxuagoa da. Harmailak ondoan izateak, defentsarako garaian beldurrak sortzen ditu, burdinak daudelako. Guk azkarrago sartzen dugu eskua eta besteak gehiago kikiltzen dira.