Abisu horian egunotan, 30 gradutik gorako tenperatura tarteko

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 21a

30 gradutik gorako tenperatura tarteko, abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak egunotan. Igandeko 43. Sagardo Eguna uda giro betean ospatzeko moduan izango da herri hau.

Bero egingo du egunotan. Maiatzean egonik, 30 gradutik gorako tenperatura izan dezakegu egun bat baino gehiagotan. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara, bai behintzat, ostegun eta ostiral arratsaldeetan, maiatzaren 21ean eta 22an hurrenez hurren, 13:00-19:00 artean. Ostegun honetan, hilaren 21ean, 30-33 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu, 34 ingurukoak bihar.

Gainerakoan, uda giro beteko egunak datozkigu. Usurbildar asko esperoan izango da 43. Sagardo Egunerako; 26 graduko tenperatura eta egun eguzkitsua izango omen dugu igandean, Euskalmet-en arabera.

Egunotarako iragarpena
Lehenago, ostegun honi, maiatzaren 21ari dagokionean, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da, arratsalde-gauean goi-hodei batzuekin. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren amaieran mendebaldera aldatuko da, Bizkaitik hasita, bolada gogorrekin. Eguerdi inguruan brisa ibiliko da. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko igoko dira".

Ostiralean, hilaren 22an, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; goizaldean mendebaldekoa nagusituko da, eta goizetik aurrera brisa ibiliko da. Egunaren bigarren partean eki-osagaiko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Larunbatean, hilaren 23an, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerdi partetik aurrera brisa sartuko da. Egunaren bigarren partean eki-osagaikoa nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Igandeko, hilaren 24ko 43. Sagardo Egunari dagokionean, bihar emango du argitara Euskalmet-ek iragarpen zehatza. Halere, uda giro beteko eguna espero da; 26 gradura arteko tenperatura, eta egun eguzkitsua. Sagardo egarria asetzeko beharra handituko duten baldintzak zalantza izpirik gabe.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez

2026ko Bero Plana aktibatua
Aurreko urteetan ekainaren 1ean jarri izan dute indarrean, irailaren 30era arte, baina egunotako beroa tarteko, aurtengoan aurreratu egin dute abiatze hori. Izan ere, ostegun honetatik, maiatzaren 21etik indarrean izango da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Segurtasun Sailarekin eta Euskalmetekin koordinaturiko aurtengo Bero Plana. "Helburua da tenperatura altuek herritarren osasunean dituzten ondorioak prebenitzea eta murriztea, batez ere kolektibo zaurgarrienetan", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Hiru ardatz ditu aipatu Bero Planak. "Tenperaturak iragartzea eta ebaluatzea, beroak osasunean dituen ondorioen zaintza epidemiologikoa, eta abisuak eta prebentzio-gomendioak jakinarazteko sistema bat aktibatzea. Gainera, arrisku-egoerak hiru mailatan sailkatzen ditu: horia (abisua), laranja (alerta) eta gorria (alarma)".

Aipatu plangintzak "Euskadiko Osasun Itunean jasotako jarraibideak jarraitzen ditu, One Health ildo estrategikoan hain zuzen. Prebentzio-estrategia horri lotuta, Osasun Sailak Euskalmetekin koordinatzen du herritarrak muturreko tenperatura handietatik babesteko urteko Bero Plana". Bere baitan jasoa du Bero Planak zaintza aktiboa, "alerta goiztiarreko sistemak muturreko bero-gertakariak detektatzeko eta osasun-zentroetan prebentzio-protokoloak aktibatzeko"; bigarrenik, babes-neurriak, "kolektibo kalteberentzako gomendio espezifikoak (adinekoak, haurrak eta paziente kronikoak)".

Hortik aurrera, babeserako gomendio zerrenda hau plazaratu du Eusko Jaurlaritzak:

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, lasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizagailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.