"Konponbiderik gabe eta egoera onartezinean jarraitzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 21a

Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzua bere osotasunean eskaini gabe jarraitzen dutela salatu du, iaztik zerbitzu hau duintasunez eskaintzeko borrokan diharduten herriko gurasoek. Egoera horrek bere horretan jarraitu artean, mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, hedabide honetara igorritako ohar bidez.

Hedabide honetara oharra bidali digu berriz, pediatria zerbitzu ez duinagatik, azken urtebetean mobilizatzen aritutako Usurbilgo guraso taldeak. Izan ere, gogoan izango duzue, iaztik hasita, bost bat hilabeteetan pediatrarik gabe izan zela herriko osasun-etxea. Bizitzen ari ziren egoera plazaratzearekin batera, iraila amaieran mozioa erregistratu zuten udaletxean eta hilabete amaiera hartako osoko bilkuran aurkeztu zuten, gerora, udalbatzak onarturikoa.

Aurten, urte hasieran ere, urtarrilaren 12az geroztik, zerbitzu hau etenda izan zen. Egiturazkoa den plaza hori berehala betetzeko erreklamazio bateratua aurkeztu zioten Osakidetzari Usurbilgo hainbat familia eta herrikideek. Eskaera harekin bat egin zuen baita Usurbilgo Udalak ere. Egoera horren ondorioez ohartarazi zuten: "diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontrolen murrizketa, Lasarteko osasun zentroaren gainkarga eta, batez ere, familien eguneroko bizitzan eta kontziliazioan eragin zuzena".

"Itxurazko irtenbidea"
Horraino, laburbilduz, gai honi buruz azkenekoz jasotako informazioa. Ostegun honetan, maiatzaren 21ean, herri honek pediatria zerbitzu duina izan dezan borrokatzen ari den guraso taldetik ohar bidez hedabide honi jakinarazi diotenez, urte hasierako azken etenaldi haren ostean, "azken hilabeteetan pediatria kontsulta formalki “berrezarri” da, baina berrezarri hitza kakotsen artean jarri beharrekoa dela nabarmendu digute. Izan ere, "ordu murriztuan, egonkortasunik gabe eta jarraikortasunik bermatu gabe eskaintzen da, eta horrek soilik itxurazko irtenbidea ekarri du". 

Ondorioz, ohar horretan bertan jakinarazi dutenez, "duela hilabete batzuk Usurbilgo Osasun Zentroko pediatria zerbitzuaren egoeraren inguruan egindako salaketaren ondoren, berriz ere publikoki salatu nahi dugu egoerak ez duela hobera egin eta onartezina izaten jarraitzen duela".

Egungo egoerari dagokionean zehaztu dutenez, "gaur egun eskaintzen den zerbitzua ez da nahikoa, ez da egonkorra eta ez du bermatzen gure seme-alabek behar duten arreta egokia".

Gogora ekarri dutenez, egun pediatria zerbitzuak Usurbilen bizi duen egoera ez da une zehatz bati lotutakoa, "baizik eta uzte sistematiko baten ondorioz sortutako egoera larri baten aurrean" gaudela salatu dute.

"Egoera hau berehala zuzentzea eskatzen dugu"
Horregatik, "onartezintzat jo dute "osasuna “erdizka” eskaintzea, eta bereziki haurren kasuan, arduragabea da halako zerbitzu prekario bat mantentzea. Gaur egungo egoerak ez ditu inolaz ere betetzen osasun publikoaren oinarrizko printzipioak: unibertsaltasuna, hurbiltasuna eta kalitatea". Horren harira, hiru eskaera plazaratu nahi izan dituzte hedabide honetara helarazitako ohar bidez. Batetik, "Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria zerbitzu osoa, egonkorra eta kalitatezkoa
berehala bermatzea" galdegin dute; bigarrenik, "orain arte hartutako erabakien inguruko azalpen argi, zehatz eta gardena ematea" eskatu dute; eta, hirugarrenik, "egoera honen atzean dauden arduradunek erantzukizunak hartzea".

Egoera hau konpontzen ez den artean, "gurasook mobilizazio berriak eta presio neurriak areagotuko ditugula" jakinarazi dute. Izan ere, "argi adierazten dugu: gure seme-alaben osasuna ez da murrizketa edo kudeaketa txarren menpe egon behar, eta egoera hau berehala zuzentzea eskatzen dugu".