Hezkuntza Sailak Akordio Laborala betetzeko ordubeteko lanuztea egin dute Udarregiko langileek

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 21a

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak betearaztea eskatzeko borrokan dihardute ikastoletako langileek. Ordubeteko lanuztea egin dute ostegun honetan; tartean, Usurbilen, Udarregi ikastolako langileek.

LAB sindikatuaren "Hezkuntza Saila: Akordio Laborala bete!", aldarria esekia dago Udarregi ikastolaren Agerialdeko atarian. Ez da aldarri berria, baina aldarri horretako eskaria ez da bete oraindik eta hori betearazi dadin, borrokan dihardute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langileek; tartean, Udarregi ikastolakoek.

Itxialdia egin zuten iazko azaroan. Lan-gatazka konpondu ez dela ikusita, ordubeteko lanuztea egin dute ostegun honetan, maiatzaren 21ean, 15:30-16:30 artean. Agerialdeko atarian bildu dira langileok albiste honi atxikitako talde argazkia atera eta herrian barrena kotxe-karabana egin dute gero.

"Akordio Laborala betetzeari iskin egiten ari zaio"
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak betearaztea eskatzeko itxialdia egin zuten azaroaren 26tik 27ra Udarregi ikastolako langileek, gainerako ikastoletakoen antzera. Lan-gatazka ez da bideratu hilabeteotan. “Hezkuntza Saila sinatuta dagoen Akordio Laborala betetzeari iskin egiten ari zaio. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak eta langileok argi dugu: sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa dugu. Dagokiguna defendatuko dugu!”, iragarria zuten ikastolako langileek.

Testuinguru horretan,, “herritarrei gure aldarrikapenen berri emateko asmoz” egin dute ordubeteko lanuztea eta tarte horretan eginiko kotxe karabana, “gure aldarrikapenak ozen entzun daitezen”.

Konpromisoak betetzeke
Udarregi ikastolako langileak ez dira lanuztea egindako bakarrak. Lanuzte eguna Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletara hedatu da eta. "LABetik maiatzaren 21erako lanuzteetara deitu ditugu ikastoletako langileak, Hezkuntza Sailari 2023an sinatu zuen akordio laborala bete dezan exijitzeko", aipatu sindikatutik jakinarazi dutenez.

LAB-etik gogora ekarri dutenez, "akordio laboralean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izango zuten hainbat konpromiso jaso ziren; horien artean, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetakoenekin parekatuko zirela 2027rako. Bestalde, ikastoletako langileen lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuen akordioak, bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria izango zena. Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan-baldintzen azterketa, hain zuzen—. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago".

Ondorioz, LAB-etik ohartarazi dutenez, "akordio laboralean jasotako konpromisoek, beraz, bete gabe jarraitzen dute". Esaterako, "2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren".

Ildo horretan, gogorarazi duenez, "LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu genuen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, Hezkuntza Saila erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an. Hezkuntza Sailak ez zien aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKTko mantentze-lanetako teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantentze-lanetako arduradunei, atezainei, garbiketako langileei eta garraiokoei".

"Ez gaudela prest denbora gehiagoz egoera bidegabe eta baztertzaile hau jasateko"
Testuinguru horretan, "ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrera, entzungor egiten baitie langileek egindako eskaerei", LAB sindikatuaren esanetan. Horregatik, ikastolen elkarteari galdegin dio aipatu sindikatuak "Hezkuntza Sailarekin dituen negoziaketetan gai hau jorratu dezan, akordioan adostutakoak abian jartzeko".

Bitartean, LAB-ek ostegun honetarako ordubeteko lanuztera deitu ditu ikastoletako langileak. "Hezkuntza Sailari ozen adieraziko diogu ez gaudela prest denbora gehiagoz egoera bidegabe eta baztertzaile hau jasateko".