Harropuzkeria xumetasunaren kontra

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 21a

Duela gutxi, lagun batek honela galdetzen zidan: ”Ez al duk ezer idatzi behar Trumpen eta Aita Santuaren arteko eztabaidari buruz?”. Gomendio interesgarria iruditu zitzaidan eta hementxe doakizue, bada, nire gogoetatxoa.

Donald Trumpek sekulako mesedea egin dio Leon XIV.ari, jakina, nahi gabe. Hori gertatzen zaie askotan beren buruaz harro sentitzen direnei. Gure Aita Santua mespretxatuz, batzuetan hitz gordinekin gainera, mundu zabaleko eszena tokian erdi-erdian jarri du eta pobreen, bakearen eta giza duintasunaren defendatzaile sutsuena bihurtu du. Gure Aita Santua bide bazterretan dauden pobreen eta bakearen eta justiziaren gose-egarri direnen abokatu paregabe gisa agertzen da orain. Bultzada hori, hain zuzen, bere antitesia den ahozabal, zarataren eta neurrigabekeriaren bultzatzaile nagusia den Trumpen lana izan da. Francis Prevosten irudia hazi egin du munduaren aurrean, botereak zanpatu nahi izan duen gizon apal eta xumea. Ez du lortu, alderantziz. Kristauen gidari nagusiak ez zuen inoiz izan horrenbesteko itzalik bere jarraitzaileen eta mundu osoaren aurrean. Gizon ahul bati eraso egiten ziola uste zuen Trumpek, baina bakearen eta errukiaren aldetik hitz egiten duen gure Aita Santuaren irudia sendotu besterik ez du egin. Esaera zaharrak dioena: “sari bila joan eta neke berriak aurkitu”, gertatu zaio amerikar harroputzari. Historian zehar askotan gertatu ohi dena: maitasunaren indar isilaren aurrean matoiek amore eman beharra izan dute. Ongiak, txikia badirudi ere, gaizkia ahalguztiduna gainditzen du.

"Robert Prevot Aita Santuak irmotasunez erantzun du beti, baina inoiz probokazioaren jokoan sartu gabe. Behin baino gehiagotan gogoratu digu edozein kristauk begi bistan eduki behar lukeena: bakea ez dela ahultasuna, agindua baizik"

Azken egun hauetan, adimen artifizialarekin sortutako irudi bat zabaldu dute. Bertan, Donald Trumpek bere burua irudikatzen du estetika mesianiko batekin: gaixo bat sendatuz agertzen da eta noski, ez da soilik ikusmen eszentrikoa bakarrik, “ume politikaren sintoma kezkagarria baizik”, kazetari baten esanetan. Teknologiak ez du nartzisismoa sortzen, baina bai puztu eta anplifikatu; eta kezkagarriena, agian, legitimatu agintari zoro gaizto horren gehiegikeriak. 

Robert Prevot Aita Santuak irmotasunez erantzun du beti, baina inoiz probokazioaren jokoan sartu gabe. Behin baino gehiagotan gogoratu digu edozein kristauk begi bistan eduki behar lukeena: bakea ez dela ahultasuna, agindua baizik. “Zorionekoak bakearen alde lan egiten dutenak”, dio ebanjelioak. Trumpen administrazioari ez diola beldurrik esan  zuen lehengo batean eta gerraren aurka eta ebanjelioaren alde mintzatuko dela beti. Gerretan milaka milioi gastatzen dituzten “tiranoak” kritikatu ditu. Hauek berriz, “gerra santua eta gurutzada” egiten ari direla esan dute, barregarri gelditzeko inongo lotsarik gabe. Aita Santuak, berriz, inoiz baino garbiago erantzun die: “Jesusek ez ditu gerra egiten dutenen otoitzak entzuten, euren eskuak odolez beteta daude eta”. Eta amaitu du: “Tirano gutxi batzuk mundua suntsitzen ari dira”.

Gai erlijiosoetan aditua den Jose Manuel Vidalek honela dio: "Leon XIV.ak ongi ulertu du aitasantutzak ez duela erakusketa handien beharrik emankorra izateko”. Apaiz lagun baten hitzekin amaitzen dut : "Aita Santu anaia, zu zara gaur, mundu osoarentzat, bakearen sinbolo eta estandarte nagusia. Trump, aldiz, gerraren, indarkeriaren eta milioika pertsonaren sufrimenduaren eragile lotsagarria. Leon XIV.a, jarrai horrelaxe mundua zerbitzatzen”.