Usurbil ikasgela irekian bilakaraziko duen egitasmoa aurkeztu dute egunotan; 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik eratorritako "hi bai artista!" izeneko proiektua. Bestelako turismo eredua sustatzen diharduen 650 Usurbil Bizi egitasmoaren baitako bisita gidatuetako bat, Usurbil Museo Irekia izenekoaren edukia, aipatu "hi bai artista!" izeneko proiektu pedagogikoan jaso da, ondare artistikoaren transmisioan eragiteko. LH nahiz DBH zikloetako ikasleek lantzeko egokitu dituzte bertako edukiak.
Dagoeneko Usurbil Museo Irekiari lotutako hainbat bisita gidatu egin dituzte urteotan. "Positiboki baloratzen baditugu ere, iruditzen zitzaigun ikasleentzat propio egokitu genezakeela eskuartean geneukan material hori", azaldu du egunotako aurkezpen agerraldian, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren dinamizatzaile Ines Azpiazuk. Horretarako, Arazi kudeaketa, heziketa eta komunikazio arloko diziplina anitzeko lantaldearengana jotzea erabaki zuten. Haiekin lankidetzan aritu dira aipatu turismo proiektuko sustatzaileak lankidetzan.
Parte hartze aktiboa
"Helburua izan da Usurbil bera ikasgela ireki bat dela ulertzea", Araziko ordezkari Nerea Ibañezen esanetan. “Herriko plazak, muralak, eskulturak eta espazio publikoak ikaskuntzarako abiapuntu bihurtzen dira, eta ikasleek artea ez dute museo itxi batean soilik kokatzen: kalean, herritarren eguneroko bizitzan eta komunitatearen memorian aurkitzen dute”, azaldu zuen Ibañezek. Bere esanetan, "heziketa programa irakasleen eta ikasleen beharretara egokitzetik sortu da. Ez da izan bisita gidatu hutsa".
Lau proba saio egin dituzte, adin desberdineko ikasle taldeekin, "prestatutako edukien egokitasuna frogatzeko". Hiru atal ditu proiektuak. "Hasieran, bisita egin aurretik material didaktikoa bidaltzen da eskoletara testuingurua ezagutzeko eta bisitari probetxu gehiago ateratzeko. Hainbat kontzeptu lantzen dituzte gelan". Bisita eguna dator gero, eta hor bi jarduera egingo dituzte; ibilbide gidatua eta tailerra. Hartara, "aukera izango dute, artelanak behatu, interpretatu eta gero, beraien emaitzak partekatzekoa taldean. Ez dugu erantzun bakarra ematea nahi, baizik eta galdera asko eta erantzun guztiak balekoak direla konturatzea".
Egindako lanketa irakasleen beharretara ere egokitu dute, "batipat kurrikulumak markatzen duen" horretara eta kurrikulum horrek "ez du artea bakarrik txertatzen, baita ahozko konpetentzia" ere. Horregatik, zenbait dinamika egin dituzte 6-16 urte artekoekin. LH-koekin bisita gidatuotan "formak, koloreak eta tamainak" aztertu dituzte; DBH-koekin "sartu gara sinboloetan, euskal kulturaren berpizkundean, interpretazio kritikoan". Eskaintza kasuan kasuko adin tartera egokitzen joan dira. Ibilaldiaren ostean, Potxoenean "norberaren sormena garatzeko aukera" izan dute; alegia, "artelanak behatu, interpretatu eta gure iritziak" partekatzeaz gain, sormen lanok "berriz interpretatzeko aukera izan dute" eta hortik nork bere artelana sortzekoa. "Horrek ere parte hartze aktiboa bermatu du", Ibañezen esanetan.
Dinamika horien bidez, egitasmo hau doitzen joateko aukera izan dute. Emaitza, irudiko txostenean jaso dute. Bere baitan bildua du txosten horrek "ikasleentzat eta irakasleentzat materiala. Baliabide osagarriak sortu dira bisitan erabiltzeko. Saiatu gara eragile guztien balorazioak kontuan hartzen, emaitza borobiltzeko", Araziko kideak azaldutakoaren arabera.
Arazikoen proposamena herriko ikastetxeekin probatu da, bai Udarregi ikastolako zein Aginagako eta Zubietako eskoletako ikasleekin eta irakasleekin. "Eskerrak luzatu nahi genizkieke herriko ikastetxeei, beraiekin proiektu hau esperimentatzeko aukera izan dugulako. Hau ez zen posible izango, beraien parte hartzerik gabe, proiektu honekiko erakutsitako konpromisorik gabe. Haien parte hartzerik gabe, nekez egongo ginateke gaur proiektu hau aurkezten", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak hitzordu berean.
Bere esanetan, "guretzako ere erronka handi bat da, hitz egiten ari baikara publiko berri batentzat, beste erregistro batzuetan. Oso erronka erakargarria izango da hau ere".
Proiektua ezagutarazten hasiak dira. Horretan segi asmo dute. Izan ere, "gure asmoa da orain, proiektu honen berri ematea Euskal Herriko ikastetxe guztietan. Seguru nago, erantzun positibo bat izango duela". Gonbita egin die alkateak proiektu honen interesdun potentzialei. "Euskal Herriko ikastetxeek izango dute aukera bikain bat, euskal artea ezagutu, bizitu, sormena landu, esperimentatu... hori dena Usurbilen egitekoa".
Transmisioan eragitea
Lerrootako proiektua 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik eratorritakoa da. Gogoan izan, 2022an abiatu zuten "herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan" oinarrituriko egitasmoa. Urtebete lehenago herri eragileekin Usurbil zerk ezaugarritzen duen edota nolakoa izan nahi duen definitzeko parte hartze prozesua bideratu zuten. 2021ean herri izaera eskuratu zuenetik 650 urte bete izanagatik datorkio izena turismo proiektuari, Usurbil ezberdin asko irudikatzen direlako herri honetan.
Prozesu hartatik hainbat Usurbil (euskararena, ondarearena, memoria historikoarena, sagardoarena...) definitu ziren. Urteotan horiek garatuz joan direla gogorarazi zuen alkateak "Hi bai artista!" egitasmoaren aurkezpenean, eskaintza zehatzen bidez. "Ez dugu soilik bisitariei erakutsi nahi zer den Usurbil, guretzako ere garrantzitsua delako gure herritarrei erakustea. Horregatik, proiektu honen oinarrian badago transmisioaren garrantzia". Ildo horretan, bisita gidatuetako batek, herriko kaleetako kultur sorkuntza erakusten duen Usurbil Museo Irekia izenekoak "gaztetxoei eduki asko erakusteko" dituela jabetu ziren. Izan ere, alkatearen esanetan, "beti esaten dugu gure kaleetan euskal kultura arnasten dela, Usurbilera datorren edonork nahikoa duela gure kaleetan sartu, edonora begiratu eta horma irudi batekin, eskultura batekin topo egiteko, bai garai bateko euskal artisten baina gaur egungo artisten obrak ere badaudelako". Hortik eratorri da "Hi bai artista!" izeneko "proiektu pedagogiko oso bat".