"Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen", berri eman dute Udaletik. Besteak beste, erasoei lotutako bizipen eta iritziak jaso, horiei aurre egiteko tresnak eskaini nahiz saihesteko gizon eta mutilentzako ohartarazpenerako gunea da.
Formazio saioa
"Indarkeria matxista jasandako emakumeei eta LGTBIQA+ pertsonei behar duten arreta eta babesa ematea" helburu duen jai nahiz aisialdi guneetako eraso matxisten aurreko jarduketa protokoloa landu zuten 2019an. Iaz eguneratu eta indartu zuten elkarlanean Udalak, mugimendu feministak, gazte mugimenduak, herri nahiz auzoetako jai batzordeek, Sortzen aholkularitza zerbitzuarekin batera. Protokolo horri buruzko formazio saioa egin zuten aurreko astean Potxoenean. Sortzen elkarteko ordezkari Sheila Melconek bideratu zuen saioa.
"Protokoloak hainbat atal ditu: indarkeria mota desberdinen definizioa, prebentzioan eta sentsibilizazioan egin daitezkeen lanketak, esku hartzeko jarraibideak, nola esku hartu egoera bat edo beste denean, erantzun publikoa eta kasuak gertatzen direnerako baliabideak".
Protokolo horren ezagutza sustatzeko formazio saioa egin zuten iragan maiatzaren 14an. Sortzen aholkularitza zerbitzuak bideraturiko saioan parte hartu zuten udal eta jaietako zein aisialdi alorreko hainbat herri eragileetako ordezkariek. "Protokolo hori jai eta aisialdiko antolatzaile guztiek ezagutzeko garrantzia tarteko, protokoloaren edukiak azaldu, iazkoaren balorazioa egin eta hobetzeko proposamenak landu zituzten Sortzen elkarteko Sheila Melconekin, herriko ospakizunak hasi aurretik", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez.
Baliabideak
Halako ekimenen beharra azpimarratu dute. "Izan ere, jai eta aisialdi guneak, sarri, segurtasun gabeko inguruneak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ pertsonentzat, haien genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik, bereziki, gauetan. Halako erasoen aurrean jarduteko modua hobetu eta erasoak prebenitzea da protokoloaren helburu nagusia, indarkeria matxistari modu kolektiboan eta koordinatuan erantzutearekin eta biktimei behar duten arreta babesa ematearekin batera".
Halako formazio saioetatik haratago, "udalak, baliabideak eta euskarriak jartzeaz gainera, festa edo jaiegun bereziak antolatzeko eskaerak jasotzen dituenean protokoloa helaraziko die eskatzaileei, denek ezagutu eta aplikatu dezaten".
Horrekin batera, herritarrei begira, haiek "oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzea ere beharrezkoa dela iritzita, kartelak egin dira, oinarrizko jarraibideekin: Eraso matxista baten lekuko bazara, ez epaitu, entzun, babestu leloa daramate, eta biktimak hala nahiko balu, laguntza eskatzeko baliabideen telefonoak ere karteletan adierazita daude".
Leku seguruak
Iaz, gainera, leku seguruak txertatu zituzten baliabide sare horretara; erasoen biktima dena lasai senti ahal izateko, "jai edo aisialdi guneetatik aparte, eta aldi berean eskura dauden lekuak". Guneok, Udaletik gogorarazi moduan, "shock egoera gainditzen hasteko aukera ematen diote biktimari: gertatu zaiona kontatzeko modua emateko ezinbestekoa da".
Aurten ere, iaz bezalaxe, "herriko eta auzoetako festa bakoitzerako leku seguruak iazko berberak izango dira. Horietara sartzeko giltza atean egongo da, kutxa batean barruan, eta kutxa irekitzeko kodea txosnetan eskatu ahal izango da: biktimak artatzeko ezarritako lekuak izanik, arduraz erabiltzera deitu dituzte herritarrak".