43. Sagardo Eguna

Sagardo Eguna hasteko, 50 urteko ibilbideari gorazarre

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 22a

Mende erdiko ibilbideari gorazarre egingo dio igande honetako 43. Sagardo Egunak. Zehazkiago esanda, egoitzak elkarren ondoan dituzten bi kirol talde eta sagardotegi baten 50. urtemugaren ospakizunak abiaraziko du maiatzaren 24ko jaialdia. Izan ere, Usurbil F.T. eta Saizar sagardotegia omentzekoak dira haien urteurrenengatik. Futbol klubekoekin izan da hedabide hau.

Biak urte kopuru bera ospatzen ari dira, elkarren ondoan kokatuak daude, nahiz alor desberdinetan diharduten lanean. Halere, bien urtemugek bat egin dutenez, egindako ahaleginaren aitortza jasoko dute maiatzaren 24an ospatuko den 43. Sagardo Egunean. Izan ere, aurtengoan, 50 urte betetako Usurbil F.T.-k eta Saizar sagardotegiak emango diote hasiera edizio honi.

"Erakusleiho ederra"
"Harrituta baina pozik" jaso zuen Sagardo Egunaren La-gunak taldekoen telefono deia futbol taldeen bilguneko zuzendaritzak. Lanegunetan bezalaxe, esku bete lan izaten dute asteburuetan Haranen nahiz Usurbildik kanpo jokatu ohi dituzten partidekin. Ospakizun entzutetsu hau tarteko, igandeko hitzordu guztiak bezperatara aurreratu nahi izan dituzte, "Usurbil F.T.-ko kide guztiak gonbidatuta daude" eta, igande goizeko 11:30etan frontoian egingo den Sagardo Eguneko hasiera ekitaldira. Omenduen esanetan, Sagardo Eguna "erakusleiho ederra izaten da, Usurbilgo urteko egun handiena. Denok elkartzen gara bertan".

"Lagunarte sare polita sortzen da"
50 urteotan futbol taldeen bilguneak eginiko ahaleginaren aitortza irudikatuko du Sagardo Egunaren hasierak. Sorrera eta bost hamarkada hauetako ibilbidearen oroigarria izango da. Ekainean beteko dira bi urte hain zuzen, Usurbil F.T.-ren sortzaileetako bat, Benantxio Otaegi hil zenetik. Hastapenetik “zaintza, osasun eta hezkuntza eskola izan zela" kluba adierazi zion hedabide honi, 2007an eskainitako elkarrizketan. Filosofia horri segida eman nahi izan diote urteotan guztiotan jardundakoek. Hura sostengatzen duen kontzeptu gakoetako bat, egungo zuzendaritza taldearen esanetan, konpromisoa da, "konprometitzea norbere buruarekin eta klub honekiko". Horrekin batera, taldeko kide izateak dakarrena ere goraipatu nahi izan dute, gero herrian azaleratzen den harreman sarea. "Infantil mailara arte adinkideekin jokatzen dute. Baina hortik aurrera, helduagoekin nahiz gazteagoekin, adin nahasketa izaten da. Hor sortutako harremanak senior mailaraino heltzen dira. Lagunarte sare oso polita sortzen da, gero herrian ikusten dena". Hortik aurrera, nork bere bidetik segitzen du bere bizimodua, batzuk herri barruan, besteak kanpora doaz bizitzera. Baina elkarrekin topo egiten dutenean, "futbolean batera ibili izanagatik identifikatzen dira. Lotunea izaten da taldea bera".

Futbol Eskola, hazkuntzan gakoa
Hori guztia ondoen irudikatzen duena, futbol klubeko zuzendaritza taldearen esanetan, Futbol Eskola da. Abiatu zutenetik bi hamarkada pasatxo igaro dira. Garai hartan, "zortzi urterekin hasitako hainbat jokalari orain ari dira uzten Usurbil F.T. Zuzendaritza talde batentzat, ibilbide oso hori egin izana, nola hazi eta eraldatzen joan diren ikustea pozgarria da". Senior nesken taldeak klubaren urte zailetan bilguneari eutsi ostean, Futbol Eskola martxan jartzea gakoa izan zela diote zuzendaritzatik, ordutik gaur arte izan duten hedapenean. "Lau urte izaten dira Futbol Eskolan. Igotzen joan ahala, kategoria bakoitzean ordezkaritza sortzen joan da" herrikideekin hein handi batean, nahiz inguruko udalerrietatik ere Usurbil F.T.-ra jokatzera etorri izan direnekin; hala nola, Oriotik, Andoaindik, Lasarte-Oriatik edota Donostiatik. Hasieran, zuzendaritzatik azaldu digutenez, bazegoen halako zalantza giroa, ea zer bide egingo zuen une hartan klubak. 2010ean elkar ezagutzeko eta proba moduan, udaberriko oporraldian Bartzelonara eginiko bidaia giltzarria izan zela zioten. Urte haren bueltan, mugimendua hasi eta ordutik izen-emate kopuruak goranzko bide argia izan du gaur arte.

Jarrera desegokiekiko kezka
Kezka iturri dituzte, azken urteotan hainbat kirol jarduera eta jokalekuetan, baita Haranen ere, gertatzen ari diren jokabide onartezinek eragindako egoera zailak. Gai horri lotuta, une gaziak bizitzea egokitu izan zaie. Taldetik eta federaziotik "oso kezkatuak" daudela jakinarazi digute, "hori ez da kirola, beste zerbait da", ziurtatu dute. Gai hau lantzeko beharra azpimarratu dute, abiapuntu gisa mezu hau argi izanda; jokalariekin enpatia izatea. "Seme-alaba jokatzen ari bada, pentsatu berarengan", galdegin dute. Federazioarekin lankidetzan ari direla aipatu digute, hurrengo denboraldira begira neurriak gogortzeko. Halere, bide horretan urratsik emana du Usurbil F.T.-ko zuzendaritzak. Bere garaian jakinarazi moduan, Haraneko eremu bat ikus-entzuleentzat itxi egin zuten, egoerok saihesten laguntzeko, ikus-entzuleen aldetik izan ohi diren jarrera desegokiek jokalariengan gutxiago eragiteko, baita entrenatzaileengan ere. Zentzu horretan, nabarmentzen jarraitu nahi dute neurketetan jarrerok ezin dutela lekurik izan, taldean une horretan "agintzen duena entrenatzailea dela. Utzi haien lana egiten".

Konpromisoa eta hurbiltasuna
Beste 50 urte bete eta mendeurrenera heltzeko futbol klubak zer beharko lukeen galdetuta, zuzendaritzari dagokionean, esan digute "jende konprometitua eta hurbilekoa" beharko luketela, barruko lanez, zereginez arduratzeaz gain, "kideak ezagutuko dituena eta alderantziz" ere, "haiek zuzendaritza taldea ezagutzea" eta harekin hartuemana izango duena. Kide berrien bila dabiltza, urte hasieran erreleborako deia egin ostean. Dagoeneko bi entrenatzaile batu dira Usurbil F.T. zuzentzen segitzeko etorkizunean. "Datozenei eskatu nahi genieke klub honi eustea". Trantsizio horretarako beharrezko laguntza eskaintzeko prest dira, orain arte zereginotan jardundako kideak. Gogoan izan, urtemuga betean zirela, egungo zuzendaritza taldeak erreleborako deia egin zuen. Bi hamarkadako ibilbidearen ostean, bilgunea arnasberritzeko gonbita egin zuten. Deialdi horretatik klubeko bi entrenatzaile sartuko dira, egungo kideek momentuz jarraitu asmo duten zuzendaritza taldean.

Matrikulazio garaia
Bilgunea handitu egin daiteke hurrengo denboraldian. Egun, Futbol Eskola kontuan izanda, hemezortzi talde dituzte eta 350 bat jokalari. "Datorren urtean, ziur aski gehiago" izango direla jakinarazi digute. 50. urtemuga ekimenak ekainarekin batera borobildu asmo dituzten arren, ez dute baztertzen, urtebetetzea urrian izanik, uda ostean beste ekimenen bat antolatzea. Hurrengo 2026-27 denboraldi hasieran izango da hori.

Kirol urte berri horri begira jarria da jada, Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldea. Izan ere, zabalik du maiatzaren 31ra arte, denboraldi berrirako matrikulatzeko epealdia senior, jubenil, kadete edota infantil mailetan nahiz Futbol Eskolan. Orain arte, abuztuan bideratzen zuten tramitazio hori, baina hilabete horretan aurredenboraldiko hainbat neurketa jokatzen dituztenez, ordurako dena prest izan eta jokalari bakoitzak bere fitxa indarrean izateko, aurten, aurreratzea erabaki dute izen-emateko deialdia. Telematikoki bideratzeko aukera ari da eskaintzen futbol taldeen bilgunea, sare sozialen bidez esekitako estekaren bidez.

Aurretik, Sagardo Egunari hasiera emateko izango duten aukera, abiapuntua izango da era berean, Usurbil F.T.-koentzat, 50. urtemuga zikloa borobiltzeko hurrengo asteotarako iragarritako ekimenei heltzeko. Bost hamarkada hauen historia bilduko duen erakusketa irekiko dute Sutegin, futbolari beteranoen topaketa bat ere prestatzekoak dira edota 50 urteotan eraikitako komunitatea bilduko duen bazkari jendetsua eta musikaz nahiz gaztetxoentzako jolasez giroturiko jaialdia ere iragarri dute; hori guztia, ekainerako. Datozen asteotan eskainiko dituzte, ekimen ziklo horri buruzko xehetasun gehiago.