Atzerako kontaketa azken txanpan dela erakusten duten urteroko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Hasiak dira herri erdigunea, igandeko sagardoaren jaialdirako egokitzen. Batetik, hilaren 24rako iragarria dagoen giroa kontuan izanda, itzalpe ederra eskainiko duen karpagunea altxatzen hasiak ziren gaur goizean Mikel Laboa plazan. Gune hau izango da, Ernai Usurbil gazte antolakundeak iganderako antolaturiko ekimen sortaren egoitza.
Bestalde, frontoian eta Dema plazaren ertzetan jarri dituzte hain ezagunak dira zutabeak. Bistan da, badator, ate joka dugu 43. Sagardo Eguna.
Uda giro beteko jaialdia
Uda giro betean ari dira bideratzen ostiral honetako prestaketa lanak eta tankera horretan datorkigu igandeko, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Eguna ere. Azken urteotako beroena izango da zalantza izpirik gabe. Izan ere, egun eguzkitsua izango dugu, 27 gradu ingururaino igo daiteke tenperatura, eguerdi partetik aurrera.
Momentuz, ostiral honetan, maiatzaren 22an, abisu horiaren eraginpean izango gara. 13:00etan hasi eta 20:00ak arte. 31 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu arratsalde partean; larunbatean zein igandean, 27 gradu ingurukoa. Uda giro beteko Sagardo Eguna datorkigu beraz, aurtengoan. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Arratsaldean mendi inguruetan bero-hodeiak garatuko dira. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizetik aurrera brisa. Egunaren bigarren partean haizea eki-osagaitik finkatuko da. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira eta maximoetan aldaketarik ez", Euskalmet-ek hilaren 24rako iragarri duenez. Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.
Autorik gabeko eguna
Eguraldiarekin batera, trafikoari lotutako urteroko oharra, azkenik. Izan ere, herri erdigunea jaigunea izango dugu igandean, hilaren 24an. Beraz, Sagardo Eguneko ospakizunen eremutik gertuen diren kaleak ibilgailuen joan-etorrirako itxi egingo dira. Bestalde, Lurraldebus zerbitzuek ere egokitu egin ohi dituzte urtero zerbitzuon geltokiak. Adi, beraz, autobusa hartu behar duzuenok.