43. Sagardo Eguna

"Aitortza batekin etxeratzea pozgarria da oso”

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 22a

Iazko sagardo botatzaile txapeldunak hirugarrenez parte hartuko du zeregin berean, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Egunean. Igandeko jaialdia bizitzeko gogotsu da Nagore Lertxundi Olazabal.

Nola oroitzen duzu txapeldun izendatutako iazko unea?
Nagore Lertxundi Olazabal:
Oso une polit gisa oroitzen dut. Ez nuen espero oholtzara igotzeko deia jaso eta hiru finalisten artean nire izena esango zutenik. Poza eragiten duen saria da.

Zer esanahi du zuretzat, jaialdi honetan halako aitortza bat jasotzeak?
N.L.O.:
Askorentzat, Usurbilgo urteko egun garrantzitsuena da, jende asko elkartzen duena. Gogoan dut iaz, oholtzatik ikusten zen jendetza. Jendeak oso ondo zerbitzatzen du sagardoa. Inor ez da txapela irabazteko helburuarekin joaten, ahalik eta ondoen zerbitzatzera zoaz. Horregatik, zu gozatzen ari zaren ekintza horretatik sari eta aitortza batekin etxeratzea pozgarria da oso.

Herri honen erakusleihoa ere bazarete egun horretan bisitarientzat.
N.L.O.:
Bisitari bat baino gehiago ea argazki bat atera edo bideoz grabatu ahal diguten galdezka ibiltzen dira. Sagardoak Usurbilen duen garrantzia edo izena irudikatzen du horrek. Gurea den zerbait sentitzen dugu egun hau, gure balore eta ausardi guztiarekin jartzen gara ahalik eta ondoen sagardoa botatzen.

Nolakoa da sagardo botatzaile baten eta postura hurbiltzen direnen arteko hartuemana?
N.L.O.: Oso gertukoa izaten da. Eguna nahiko lasai hasten da. Goizak aurrera egin ahala, jendea girotzen doa eta oso harreman polita sortzen da orokorrean.

Zein da zuretzat, sagardoa zerbitzatzeko modu egokiena?
N.L.O.:
Botilara begiratzen dut. Sagardo txorrotada edalontzira erortzen ari den entzuten jartzen naiz. Belarriarekin fidatzen naiz, baina begiratzen ere saiatzen naiz. Kontzentratu beharra dago, baina irribarre bat izaten saiatzen gara beti.

Auzolanak ahalbidetzen du Sagardo Eguna. Zer ekarpen egin daiteke bertan parte hartuta?
N.L.O.:
Garrantzitsua da halako ekimenetan parte hartzea. Antolatzaileei lan gehiago eskatzen die, baina sagardoa botatzeak ez du lan asko izaten. Gainera, ondo pasatzen duzu.

Nola ikusten da postuaren alde horretatik Sagardo Eguna?
N.L.O.:
Ezberdin, oso ondo. Jendeak ondo pasatzen duela ikusten da. Niretzat bizipoza da, oso gustuko dut. Jendea gogotsu etortzen da. Postuaren bi aldeetatik ikusten da ilusio hori.

Botatzaile gisa aritu nahi lukeenari zer esango zenioke?
N.L.O.:
Urte askoz egon nintzen zalantzan. Nahiz eta une batzuetan lotsa edo konfiantza falta hori izan, horiek alboratu eta animatu.

Iaz, txapela irabazi eta gero aurtengo ediziorako entrenatzen ari zara?
N.L.O.:
Lehen urtean koadrilako pare batekin elkartu ginen balkoi batean, goiz osoa eman genuen prestatzen. Iaz ez eta aurten ere asmorik eta denborarik ez dut.

Zer asmo duzu aurtengorako?
N.L.O.:
Lasai ibiltzeko astelehena jai hartzen dut. Beraz, goiza lasai hartu eta bazkalostean, betiko martxan segiko dugu elektrotxarangarekin eta kontzertuekin.

Sagardo zalea zara?
N.L.O.:
Gure etxean familian sagardoa egiten dugu. Sagardoa otorduetarako gustukoa izaten dut.

Sagardo Egunik gabeko Usurbil irudika dezakezu?
N.L.O.:
Ez. Sagardo Eguna Usurbilen bereizgarri nagusietakoa da. Kanpotik ere badu aitortza berezia. Ondo antolatutako eguna izaten da.

Igandera begira, zalantzan dagoenari zer esan nahiko zenioke?
N.L.O.:
Azaldu goizetik! Bizitzea merezi duen egun bat da.