Larunbatean irekiko dute tren-geltoki berria, gaur inauguratu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 22a

Larunbat honetan, maiatzaren 23an irekiko dute guztiz Usurbilgo tren-geltoki berria. Ostiral honetan inauguratu dute. Usurbilgo Udaleko, Eusko Jaurlaritzako nahiz ETS-ko ordezkariak bildu ditu hitzorduak.


Apirilaren 29an zabaldu zuten Etxealdiako zubi berritua, baita Atallura jaitsi nahiz handik igotzeko edota Atxegako pasealekua Etxealdiarekin lotzen dituzten eskilarak eta igogailuak. Etxealdiako zubia eta tren-geltoki berriaren arteko lotunea, une hartan, azken lanetan zuten. Gutxi barru irekiko zutela iragarri zuten. Une horren irudi eta xehetasunen berri duzue lerrootan. Izan ere, ostiral honetan, maiatzaren 22an inauguratu dute tren-geltoki berritua. Larunbat honetan, hilaren 23an jarriko dute martxan. Usurbilgo Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Trenbide Sareak (ETS)-eko ordezkariak bildu ditu hitzorduak.

Aipatu Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak jakinarazi moduan, "kabalkadan, hau da, zubibide baten gainean, dagoen eraikinak oinplano angeluzuzena eta 231 metro karratuko azalera eraikia ditu. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago, Usurbilgo hirigunearekin zuzenean lotzen den oinezkoen pasabidearen maila berean, bertatik sartzen baita erabiltzaile kopuru handiena. Pasabide hori ia 20 metro da luze, eta igarotze libreko zabalera 3 metrokoa da".

Etxealdiako zubi berritua eta tren-geltoki berria lotunea izango da aurrerantzean Santuenea, Atallu eta herri erdigunearen artean. Industrialdera heltzeko pasabidea izango da baita, N634 errepide ertzeko autobus geltokira ere.

"Atari nagusian txartelak saltzeko makinak eta geltokiko buruaren gela daude. Balioztatze lerroa igarota bigarren mailako ataria dago, eta handik alboko bi nasetara sartu ahal izango da, bi eskailera finkoren eta bi igogailuren bidez. Kanpoko egituraketa, atondoari argi naturala ematen dioten leiho handiz zulatutako eta material erresistente, funtzional, antibandaliko eta mantentzeko errazez estalitako bolumen trinkoa da".

Trenbideari dagokionez, Jaurlaritzatik azaldu dutenez, "trenbideen zabalgunea berrantolatu egin da, bi trenbide nagusien desbideratzeen arteko 240 metroko luzera erabilgarriarekin, etorkizuneko merkantzietarako gaituta, bai eta amaierako topea duen hirugarren trenbide bat ere. Geltokiak 80 metroko luzera erabilgarria eta 3,5 metroko gutxieneko zabalera duten alboko bi nasa ditu, eta horietan 20 metroko markesina bana daude".

Katigamendua berritu dute, gainera, "modernoagoa eta trenbideko trafikoa kudeatzeko eta babesteko teknologia berrira (ERTMS izeneko Europako estandarrera) egokitzeko gaitasunarekin. Sistema horrek abiadura gainbegiratzen du eta, behar izanez gero, trena geldiarazten du, eta hori lagungarria da, zerbait gertatuz gero, zirkulazioak erantzuteko gaitasun handiagoa izan dezan". 


"Bazegoen zor bat gure herriarekin"
Urte hasierarako zegoen iragarria irekiera, atzeratu dela zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak gaurko ekitaldian, baina emandako hitza bete dela. "Inguruko herrietan egin dira inbertsioak, gure herrian tokatzen zen. Bazegoen zor bat gure herriarekin eta zor hori kitatu dela ulertzen dut", adierazi du alkateak geltoki barruan eginiko ekitaldian. Eskerrak helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailari, "inbertsio hau gure herrian egiteagatik". ETS-ren arduradunei ere helarazi nahi izan dizkie esker hitzak. "Arduradun teknikoen profesionaltasuna nabarmendu nahi dut, bazituelako bere zailtasunak, obrak asko gauez egin dira, horrek sortzen ditu zaratak, eguneroko joan-etorrietan trabak eta abar". Nabarmendu duenez, ordea, lanek iraundako urteotan ez da inoiz tren-zerbitzua eten, eta "emaitza ikusita, merezi izan dutela" zioen urteotako zailtasunek.

Egun garrantzitsu eta pozgarritzat jo du gaurkoa Usurbilgo herriarentzat. "Usurbilek behar eta merezi zuen halako garraio azpiegitura eta tren-geltoki moderno eta batez ere irisgarri bat izatea". Inbertsio estrategikotzat jo du, bihartik abian izango den geltoki berria. Izan ere, "alde batetik, tren garraioaren eskaintza indartu egiten duelako, tren-geltokia herrigunerantz gerturatzen dugulako modu irisgarri batean. Bestalde, udalak honantz datorren San Esteban kalea guztiz urbanizatu egin du. Lehen autoak nagusi ziren espazio batean izugarrizko eraldaketa egin dugu eta horrekin, esango nuke, gainera, tren-geltokirako konexioa goxatu egin duela, hobetu egin duela eta kalitatezko espazio publikoa geratu dela, tren-geltokiaren osagarri izan daitekeen zubiaren sarreratxo horretan sortzen den plazatxoaren bidez". Ondorioz, "oso ondo integratu da dena, kalearen urbanizazioa, zubia eta tren-geltokirako sarbidea".

"Zaintzaz ari garenean ere hirigintzaz aritu behar gara"
Horregatik hain zuzen, ETS eskertu du, "San Esteban kalea urbanizatzeko Udalaren proiektua eta tren-geltokiaren proiektua bateragarri egiteko saiakeragatik. Elkarlana nagusitzen denean, emaitzak begi-bistakoak dira eta kasu honetan, bi erakundeen arteko elkarlana egon da eta onura baino ez digu ekarri honek".

Proiektu estrategikotzat jo du alkateak eremu horretan egindako eskuhartze osoa. Izan ere, irisgarritasunean soilik ez, zonaldeko segurtasunean nabarmen hobetu delako. Tren-geltoki berriarekin orain arteko trenbideko pasabide arriskutsua ezabatua geratu da.

Usurbil herri zaintzailea izateko jorratzen ari den prozesuaren testuinguruan ere kokatu du Usurbilgo alkateak bihartik guztiz zabalik izango den eremu osoa. "Urteak daramatzagu Usurbil herri zaintzaile bat izateko helburuarekin. Zaintzaz ari garenean ere hirigintzaz aritu behar gara" eta horrek herritarren autonomia mailan duen eraginaz. Honenbestez, bereziki "Santueneako bizilagunentzat haien eguneroko joan-etorrietarako igogailu horiek oso garrantzitsuak dira".


"Garaiotara egokitua, modernoa eta eraginkorra"
Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren arloko sailburu Susana Garcia Chuecaren esanetan, "Euskotrenen erabiltzaileei hobeto erantzuteaz gain, haren eraikuntzak onura handiak ekarriko dizkio udalerriari. Eremu honetan, integrazio urbanistikoa hobetzen laguntzen du, hirigunera zuzenean lotzen duen oinezkoentzako pasabide bati esker. Geltoki berria hirigunetik gertuago dago eta, gainera, hiru trenbide pasagune ezabatzea ekarri du. Gainera, industrialderako sarbideak erraztuko ditu, hau da, segurtasunean, irisgarritasunean, erosotasunean eta eraginkortasunean irabazten da". Ondorioz, herritarren bizi-kalitatea hobetuko da, Garcia Chuecaren esanetan.

Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Sailak eginiko "lehen mailako azpiegituren" aldeko apustuaren baitan kokatu du Usurbilgo tren-geltoki berria, "garraio publiko eta jasangarria" eskaintzea ahalbidetuko diena herritarrei, "garaiotara egokitua, modernoa eta eraginkorra". Eskuhartzea, ordea, trenbidetik harago doala azaldu du sailburuak. "Hiri berroneratze garrantzitsua dakar berarekin; kasu honetan, 4.000 metro karratu gehiagoko azalera hartzen du eta horietatik 2.000 baino gehiago lorategi eremuak dira". Horrekin batera, iragarri duenez, "Victor Goikoetxearen eskuhartze artistikoa izango dugu, espazio hau balioan jarriko duen obra bat. Laster hasiko da gauzatzen".

Zehaztu duenez, "esku-hartzearen osagarri, ingurunea urbanizatu eta ingurumenaren aldetik integratu egin da, bideak eraberrituz (1.100 m2 bide + 900 m2 biribilgune) eta lorategiak jarriz (2.275 m2), landareztatuz, N-634 errepideko autobus geltokia urbanizatuz eta LED argiztapen berria instalatuz, argi maila egokiak eta segurtasun pertzepzio hobea bermatzeko".

Aginagako lanak, aurrerabidean
Gipuzkoako trenbide sarearen hobekuntzaren baitan kokatu du Garcia Chuecak tren-geltoki berri honen irekiera. "2026a urte handia izango da mugikortasunarentzat". Aginagan ere lanean dihardute, tunel berriko lanetan. "Obra horretan, funtsean, 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikiko da, trenbide bikoitzean, egungo ibilbidea laburtzeko eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoizteko. Lanak egiteko beharrezkoak izan diren Txokoaldeko zubia handitzeko lanak amaitu dira, Donostia aldeko tuneleko ahokadurako sarbideak egokitzeko lanetan aurrera egiten ari den bitartean". 

Lanoi esker, "1.500 metro inguru murriztuko da ibilbidea, eta Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokien arteko bidaia denbora 2 minutu murriztuko du. Tunel osoan trenbidea bikoiztu izanak, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatzeko aukera emango du. Baldintza horiekin trenbidearen zerbitzu-ahalmena handituko da, eta, beraz, gaur egun 30 minutuz behingoak diren zirkulazioak 15 minutuz behingoak izatera igaroko dira".