Hautsak harrotu ditu Usurbilen eta Eibarren arteko Pilotako Herriarteko txapelketako itzuliko kanporaketak. Usurbilek jolastu diren hiru partidetatik bi irabazi ditu, baina ez da nahikoan izan kanporaketa irabazteko.
Kadete mailako usurbildarrek garesti ordaindu dute hasieran jaso dute 0-16eko partziala, eta emaitza txukundu duten arren, 7-22 izan da emaitza Eibartarren alde. Eibarreko aurrelaria izan da partidako onena.
Jubenilek, aldiz, bigarren partida irabazi dute. Lehenengo sakea eibartarrek atera arren, usurbildarrak 4-2 jartzea lortu dute. Eibartarrek hiru tanto jarraian egin dituzte eta 4-5 aurretik jartzea lortu dute. Usurbildarrek 8-5 jarri dute markagailuan, eta abantaila horrekin jolastu dituzte gainerako tantoek. Bukaeran, 22-10 irabazi dute usurbildarrek.
Bi emaitza horiekin, Eibarko senior taldeak nahikoa zuen 10 tanto egitearekin kanporaketa gainditzeko. 0-6 irabazten hasi dira eibartarrak, baina Xabi Santxoren tantoei esker 4-6 jartzea lortu dute etxekoek. Kanpokoek lau tanto jarraian egin dituzte, eta behar zituzten hamar tantoak lortu dituzte.
Tanto horren ostean, zaletuak Eibarko aurrelariaren jarrera salatzen hasi dira, haien iritziz jolasteari utzi baitio. Markagailua 9-10 zihoanean hasi dira lehen tirabirak zaletuen eta Eibarko jokalarien artean. Izan ere, atzelaria harmailetako zaletu batekin eztabaidatzen hasi da, eta giro berotzen joan da.
Gauzak horrela, usurbildarrak 17.tantoa egitean, Eibarrek 11 zituen eginak, Santxo frontoitik alde egiteko imintzioa egin du Eibarko aurrelariaren jarrera ikusita, eta momentu batez, partida bertan behera geldituko zela zirudien. Dena den, aurrelari usurbildarrak partida amaitu du. Kanpoko entrenatzailea arbitroarekin hitz egiten zuen bitartean, usurbildarrak Eibarko bi jokalariei haien jarrera aurpegiratu diete, eta partida amaitzean, txaloak beharrean txistu egin diete kanpokoei.
Partida 22-11 amaitu da, baina ez da hor bukatu. Azkeneko tantoaren ostean, zaletu asko gerturatu dira kanpoko jokalariekin eta entrenatzailearekin hitz egitera.
Zaletu batentzat "lotsagarria" izan da eibartarren jarrera, eta errespetu falta iruditu zaio: "Errespetu falta dela iruditu zait aurkarienganako, herriarenganako eta txapelketarenganako".
Zozketa
Itzulerako kanporaketan zehar Pagazpe Pilota Elkartekoak urdaiazpiko baterako zenbakiak zaldu dituzte, eta irabazlea 11559 zenbakiduna izan da. Saria jasotzeko Pagazperekin harremanetan jarri.