"Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago"

Euskaraz eta euskal arteaz hausnarrean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 23a

"Euskararen eta artearen Usurbil: Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago" izeneko zikloaren baitan, duela 60 urteko euskaraz eta arteaz nahiz etorkizunaz mintzatu ziren ostiral arratsaldean Sutegin, Naiz irratiak bideraturiko solasaldi berezian.

60 urte bete dira ostiral honetan, maiatzaren 22an, Remigio Mendiburuk Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omenez frontoi ondoan eginiko eskultura inauguratu eta haren bueltan izandako kultur ospakizunen artean, Rikardo Arregik euskararen aldeko diskurtso gogoangarria egin zuenetik.

650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak ziklo berezia antolatu dute egunotan, 1966ko maiatzaren 22ko une haren harira; "Euskararen eta artearen Usurbil: Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago" izenekoa.  Hasteko, duela sei hamarkadako ospakizunetan egondako Jorge Oteiza eskulturgilea eta artista protagonista zuen "14 apostolu" Oskar Alegriaren filma proiektatu zuten hilaren 17an Sutegin, zuzendariarekin solastearekin batera.

60. urtemuga eguna izandako ostiral honetan, bestalde, Arregiren Usurbilgo diskurtso hura oinarri hartuta Ainara Mendiolak sortutako "Zutik" filma eskaini dute kultur-etxeko auditorioan. Amaitzeko, Udarregiren omenezko eskulturara bisita gidatu berezia antolatu dute Jakoba Errekondo eta Maialen Lujanbio bidelagunekin.

Bi hitzorduon artean, aipatu ikus-entzunezkoa proiektatu ostean, haren zuzendari Mendiolarekin berarekin, Arte Ederren Fakultateko dekano Ismael Manterolarekin eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelekin solasaldia egin dute Sutegiko auditorioan.

"Rikardo Arregi hobeto ezagutzeko aukera"
Saioa Naiz irratiko lantaldeak gidatu eta aipatu irrati katean bertan zuzenean eskaini zuen atzo arratsaldean. Ion Telleriak bideraturiko saioan, duela 60 urte euskarak eta euskal arteak bizitako garaia gogora ekartzeaz gain, egungo egoera aztertu eta aurrera begira jarri ziren hizlariak.

Sutegira joandakoek ikusi berri zuten filma izan zuen abiapuntu solasaldiak. "Zutik"-en zuzendari Ainara Mendiolak azaldu zuenez, Rikardo Arregiren anai Mikelek Rikardok Usurbilen eginiko diskurtsoaren grabaketa bat eskuratu zuen eta ikus-entzunezko lan horren ekoiztetxe Maluta Films-i proposatu zion proiektua. Berak gogorarazi moduan, Usurbilgo diskurtso hura "mugarria izan zen Rikardoren ibilbidean". "Aita andoindarra eta ni kazetaria" izan arren, "kazetaritzan berritzailea" izan zela bai, baina "ezer gutxi nekien" berari buruz. Honenbestez, "Zutik" filma sortzea, "Rikardo Arregi hobeto ezagutzeko aukera" izan dela azaldu zuen Mendiolak Sutegin. Berari interesgarrien suertatu zitzaion kontakizunaren haria, Rikardo Arregiren "hitzaldiaren gaurkotasuna" izan zen; alegia, berak plazaraturiko ideia nagusiek garaiko gizarteari zer pentsatua eman zioten bezala, "gaur egungo gizarteari ere zer pentsatua ematen diotela". Gaurkotasunik ez duela galdu alegia, Arregiren duela 60 urteko diskurtsoak.

Rikardo Arregiren Usurbilgo diskurtsoaren edukia ere mintzagai izan zuten. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelentzat ohartarazpen bat da, "hala uzten badira gauzak"  bere horretan, euskarak bizi zezakeen galeraren inguruko jakinarazpena. Ildo horretan, nabarmendu zuenez, "garai hartako gaztediak egindako ekarpenetako bat diagnostikoa" izan zen eta aurrera begira, euskararen alde eginiko "bizirik jarraitzeko deia" eta hori hala gauzatzea posible zela adieraztea, "bazegoela bizirik segitzeko" praktika, euskaltzale eta ekimenik.

"Euskal artearen frontea"
Garai hartan euskal arteak bizitako pizkundea ekarri zuen gogora Arte Ederren Fakultateko dekano Ismael Manterolak. "Burua altxatzeko une" gisa definitu zuen, 1936ko gerraoste gogorra, errepresio handikoa. Oraindik orain "diktadura zail baten testuinguruan", edozer egiteko "baimena eskatu behar" zen 60ko hamarkadan, "euskal artearen frontea" heldutasunea iritsi zela zioen. 60. hamarkada erdialdean, Arregiren Usurbilgo diskurtsoaren garaian hain zuzen, euskal artista zenbaitek (tartean, Jose Luis Zumeta usurbildarrak edota Udarregiren omeneko frontoi ondoko eskulturaren egile Remigio Mendiburuk) sortutako Gaur taldea aipatu zuen. 1966ko maiatzean, lehen urratsa eman zuten Donostian erakusketa irekita, gero herrialdez herrialde Euskal Herrian barrena hedatu nahi izan zuten. "Gaur, hemen, orain, denok batera", hitz horien aldarripean sortutako "artisten proiektu nazionala" zen hura, Manterolak Sutegin oroitarazi zuenez. Proiektu nazionala eta askotariko diziplinak uztartzen ziren garaia izan zen hura. "Gogo izugarria zuten arte guztiak elkartzeko", eta testuinguru horretan ulertu behar da, adibidez, bere esanetan, "Zumetaren frontoiko murala normaltasun handiz" hartu izana orduko jendarteak.

Berarentzat, "aldaketa handienetakoa" gerora heldu zen, 70. hamarkadako "diktadura amaieran", ardura politikodun postuetan "euskaltzaleak eta bertako kultura sustatu nahi zutenak" sartzen hasitakoan. Ildo horretan, Usurbilgo Remigio Mendibururen eskultura eta haren bueltan, herri honetan duela sei hamarkada bizitakoa gerora helduko zenaren "lehen urrats" gisa definitu zuen Manterolak.

Hari horri tiraka mintzatu zen baita Eskisabel. Mintzagai zuten duela 60 urteko testuinguru hartan, "gaur egunera ekarritako euskararen normalizazio eta biziberritzearen zutoin eta egiturak han jarri ziren". Izan ere, bere esanetan, "dena egiteke" zegoen, "hizkuntza bera zegoen egiteke". 1968ko Arantzazuko bilkura ekarri zuen gogora, "euskara batuaren oinarriak" ezarri ziren unea. Garai hartan, Arregik eginiko ekarpena ere goraipatu nahi izan zuten; "bere ekarpen handienetakoa, helduen euskalduntzeari, alfabetatzeari emandako garrantzia" hain zuzen.

"Ziklo baten amaieran"
Orduko testuingurua aztertuta, aurrera begira jarri ziren Sutegiko solasaldiko parte hartzaileak; euskararen etorkizunaz. Arregiren diskurtsoak gaurkotasunik ez duela galdu agerian utzi zuten hizlariek. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, "hizkuntza erregistratu gisa ez da galduko" ziurtatu zuen. Beste kontu bat da, "hizkuntza bizi gisa", zer gertatuko den. Horren inguruan, egun, jendartean "kezka oso partekatua" dagoela zioen. Horretarako, motibo bat baino gehiago badagoela. Bere ikuspegitik, "euskararen normalizazioari eta biziberritzeari dagokionez, ziklo baten amaieran" gaudela zioen, "ziklo berri bat hasi" beharraz mintzatu zen. Trantsizio honetan, gainera, "atzerapausoak gertatzen" ari direla ohartarazi zuen. Horregatik, Rikardo Arregiren duela 60 urteko diskurtsoa gogora ekarrita, "garai hartako dena egitearen oihartzuna" sentitzen duela zioen Eskisabelek. "Dena pentsatu eta egiteke dagoen" ideia horretan gaudela uste du, baina era berean, begirada "aurrera egite horretan" jarrita. Eta egite horretan, gakoa, berarentzat, euskaltzaletasuna izango da eta euskaltzaletasun hori "gaur egungo munduan ondo kokatzea".

Eskisabelek egin bezala, Arte Ederren Fakultateko dekano Ismael Manterolak ere duela 60 urteko sortzaileen belaunaldiaren ahalegina goraipatu zuen egungo etorkizunari buruz mintzatzerakoan. Gogora ekarri zuen nola "bi kultura handiren" erdian zen euskal kulturgintza, eta nola haiek "gutxiesten zuten euskal kultura. Alderdi kulturalik ez zuen folkloretzat" jotzen zuten. Testuinguru hartan, garaiko euskal artistek "ahalegin handia egin zuten" alor hau duintzeko, kultura zela esateko". Bere esanetan, orduan bezala, egun ere, "zerotik hasteko" gaitasuna izanik, "hobeto kokatuak gaude euskaldunak" eta bere ustez, "hori da transmititu beharrekoa".

"Zutik" filmaren zuzendariaren esanetan, Rikardo Arregiren eta garaiko belaunaldiaren ahalegina izan zen euskara "beste edozein hizkuntzen mailan" kokatzea; "bazen euskarari maila on bat emateko ahalegina". Mendiolak Sutegin zioenez, batzuek uste zuten boterea edo eragina izan zezaketenek "bultzatuko zutela euskara". Aldiz, Arregik aldarrikatutakoa ekarri nahi izan zuen gogora Sutegira; "Rikardok ezetz zioen. Gizarte osoa euskaldundu beharra zegoela, euskarak biziraungo bazuen".

Euskara normalizatu eta biziberritzeko konpromisoa bere gain "zenbat jendek hartu zuen" nabarmendu nahi izan zuen Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariak. "Horretan guztian antolaketa bat zegoen"; "elkar hartuta egiten direla gauzak".

Solasaldi osoa entzungai duzue Naiz irratiaren emankizun honetan: "Udarregi eta Rikardo Arregi gogoan Usurbilen"