"Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago"

"Dena hemendik hasi zen"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 23a

"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" izeneko zikloa, Udarregiren omeneko Remigio Mendibururen eskultura parean borobildutako bisita gidatuarekin amaitu dute ostiral honetan.

Hirurogei urte bete dira ostiral honetan, maiatzaren 22an, Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omenez, Remigio Mendiburuk sortutako frontoi ondoko eskultura inauguratu zutenetik eta baita, haren bueltan eginiko kultur zikoaren baitan, Rikardo Arregik euskararen aldeko diskurtso gogoangarri hura plazaratu zuenetik. 

60. urtemuga honetan, "Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" izeneko zikloa antolatu dute egunotan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. 

Ospakizuna, ostiral honetako, maiatzaren 22ko urtemuga egunean bertan borobildu dute, lehenbizi, Sutegin Arregiren diskurtsoan oinarrituriko "Zutik" filmaren proiekzioarekin, haren osteko solasaldiarekin eta irudiotan duzuen bisita gidatu bereziarekin.

Ohorezko bi bidelagun izan zituen ekimenak eta bertan parte harturikoek; Jakoba Errekondo eta Maialen Lujanbio. Errekondok duela 60 urte Usurbilen izandako une entzutetsu hari testuingurua, garaiko pasaia erantsi zion. Lujanbiok bertsoz girotu zuen hitzordua. Alfabetatu gabeko Udarregi eta alfabetatzearen aldeko sustatzaile nagusi Rikardo Arregi lotu zituen, ibilaldi amaieran eskainitako bertso saioan.

Bisita gidatuak omendutako Rikardo Arregiren eta Remigio Mendibururen zenbait senide elkartu zituen, hainbat bisitari eta herrikideekin batera.


Gau-eskola eta ikastolaren kimua
"Usurbilen izan zen gertakizun izugarri bat gogoratzera goaz", iragarri zuen hasieratik Sutegin Jakoba Errekondok. Ez zen kasualitate hutsa izan, bere esanetan, "zerbaitegatik gertatu zen hori Usurbilen, egun horretan", 1966ko maiatzaren 22an. Horretarako baliatu zuen bisita gidatua, hainbat argibide interesgarri eskaintzeko.

Hiru geltoki izan zituen ekimenak; Sutegi ataria, Dema plaza, eta, azkenik, nola ez, Remigio Mendiburuk ondutako Udarregiren omeneko frontoi ondoko eskulturaren kokagunea. Lotune asko izan zituen hitzorduak; duela 60 urteko eta egungo errealitatearen artekoak nagusiki, baita zubi-lan hori egiteko Errekondok baliaturiko elementuak ere; "gaurko ibilaldia alfabetatzearekin lotu nahi nuen, Udarregiren alfabetoarekin eta liburuekin".

Liburuekin hasita, gogora ekarri zituen, egungo Sutegin kokatua izan eta ikasketak ezinbestean gazteleraz egitera behartzen zuen La Salle bere haurtzaroko ikastetxea;. Egun, kultur-etxea izan edota lehenago, Etumeta AEK euskaltegiaren egoitza izan aurretik, Rikardo Arregik bere garaian helduak euskaraz alfabetatzeko eginiko ekarpenaren harira, euskaraz alfabetatzeko gau-eskola izan zen. "Herriko ume gutxi batzuk joaten ginen alfabetatu nahi zuen 30-40 urteko jendearekin. Oso garai polita izan zen etxe horrek bizitu zuena", oroitu zuen hunkituta Errekondok, bisita gidatuan zehar. Euskararen alde Usurbilen eginiko diskurtsoaren 60. urtemuga egunez, bere egile Rikardo Arregiz oroituz, zioenez, "Rikardok nahi zuena, hor sortu zen", egungo Sutegin; lehenago liburuak botatako leiho haietan, "sortu zen Usurbilgo gau-eskola", jende asko baitzen garai hartan euskaraz alfabetatzeke.

Hantxe hasi zuten aipatu hitzordu hau, egun Sutegi ataria den eremuan. Rikardo Arregiren garaian, aipatu moduan, La Salle ikastetxeko patioan, Jakoba eta garaiko haurren jolastokia izandakoan. Baratzen eremua zen egungo Askatasuna plaza. Fraileen ikastetxe hartatik, "kimu honetatik sortu zen Udarregi ikastola". Izan ere, fraileen kopurua murrizten joan ahala, "gurasoek hartu zuten haien esku eskolaren ardura", gerora Udarregi ikastolan bilakaraziko zutena. Aurretik, ikasturte amaiera batean, fraileak alde egitekotan zirenean, leihotik behera liburuak (egun liburutegia den alde horretatik) nola bota zituzten oroitu zuen Errekondok, "herriari eskolak bere ondasunak utzi nahi ez izateagatik. Liburu horiek erre egin ziren".


"Herriaren bihotza"
Dema plazara jo zuten gero, bisita gidatuari segida emateko; 1966aren buelta hartako herri bizitzaren bihotzera hain zuzen. "Garai batean bizitza osoa hemen zegoen, Goiko plaza honetan eta Beheko plazan, udaletxe aurrekoan. Plaza hau herriaren bihotza zen". Bere bi aldeetako egungo Irazu eta Etxebeste kaleetan barrena bideratzen zen herri barruko trafikoa. Errebote plaza zen garai hartan, estali gabeko pilotalekuarekin. Bere esanetan, orduan "beste indar bat zuen espazio honi izaera ematen diona da errebotea. Oraindik errebote plaza markak badaude". Errebote plaza, eta baita demarena ere, idiena, "handiena, bai zabaleran eta luzeeran". Eta haren ertz batean, Salbatore eliza. Bere alboko kale izena duen Aginagako Etxebestek, bere garaian, Mexikon aberastu eta hildakoan oinordetzan dirutza utzi zuen Aginagan egungo Eliza Zaharra eta Salbatore elizako teilatua eta dorrea eraikitzeko, Errekondok azaldu zuenez.

Abiapuntua
Eremu horretatik, helmuga sinbolikoenera iritsi ziren bisita gidatuko parte hartzaileak, Errekondoren esanetan, "Usurbilgo txoko politenera". Garai hartan, Gaztañaga baserriko baratzeez inguratua zegoen eta herri barruko trafikorako bide nagusietako bat zen. Horregatik, usurbildarrak Remigio Mendibururen eskulturari buruz zioenez, "hau hemen jartzea erabaki zuenak asko zekien". Bere ustez, Usurbilgo erdiguneko txoko horren kokapenak "asko esaten digu, hau nola pentsatua izan zen".

Berehala plazaratu zuen, ibilaldian zehar, gakotzat jotako galdera; "zergatik Udarregi?". Garaiko testuingurua azaldu zuen. "Frankismo gordinenean", askotariko diziplinatako sortzaile gazte grinatsuaren belaunaldia zegoen; tartean, herri honetako seme Zumeta, Tapia edota Artze anaiak. Euskarari lotutako astebea antolatu zuten. Jende askoren laguntza handia izan zuen ziklo hark, tartean, garaiko Udalarena.

Astebeteko zikloa izan zen eta kito, "hor geratu zen hurrengo hamarkada arte". Horregatik, abiapuntu gisa definitu zuen Errekondok, Usurbilen 1966ko maiatzean jazotakoa. Horren emaitza nagusitzat jo zuen aurrean zuten eskultura, Udarregi omentzen zuena. Zergatik Udarregi? 1829an Aian jaiotako bertsolariak haurtzaroa Usurbilen igaro zuen. "Ez zekien irakurtzen, idazten", baina bazuen "halako grina berak egindakoa hurrengoratzeko". Horretarako, egun, Mendibururen eskulturan bertan, nahiz Udarregi ikastolaren irudia den horretan aurki ditzakezue berak asmatutako alfabetoaren arrastoak. Bertso bat bururatzen zitzaionean, "etxeko ganbaran egiten zituen marka batzuk". Tarteka, Usurbilgo idazkariari deitzen zion, bere ganbarara joan zedin. Markak irakurriz, Udarregik bertsoak abestu eta idatziz jasotzen zituen atzean zuen idazkariak. 

"Toki publikoa okupatzen aurrenetakoa"
Horri guztiari zor zaio, bere esanetan "forma, kokapen nahiz alde askotatik begiratuta, miragarria" den Remigio Mendibururen eskultura, estilo horretako bakanetakoa, bereziki zura lantzen baitzuen. Zurezkoa da hain zuzen, Errekondok oroitarazi zuenez, Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dagoen txalaparta bat tartean makilak dituena, Ez Dok Amairu mugimenduaren irudia izango zena, Remigiok sortutakoa.

Usurbilgo lan hau, "toki publikoa okupatzen aurrenetakoa izan zen". Hortik gaur egunera, begira, herri erdigunean bertan kaleetan dugun kultur sorkuntza. Errekondoren esanetan, "dena hemendik hasten da", berak aipatutako "zurrunbilo" hartatik. Eskulturaren inaugurazio urtean, 1994an berriz argitaratuko zen Udarregiri buruzko liburua plazaratu zuten edota Joxan Artzek 1969an argitaratuko zuen, besteak beste, Udarregi bera omenduko zuen bere lehen poesia liburua, "Isturitzetik Tolosan barru" izenekoa hain zuzen; 1973koa da Zumetaren frontoi atzeko murala...

Duela 60 urte sortutako "zurrunbilo" hark bizirik dirau bere ustez, oraindik Usurbilen.