Irekiera ekitaldiarekin batera hasi da sagardo botatzaileen lana. Tragoak banatzen ari diren bitartean, antolatzaileak postuz postu ibili ohi dira eta denen artean hiru botatzaile hautatu ohi dituzte. Aurten hiru hauek gonbidatu dituzte oholtza gainean jokatu den lehiaketara: Julen Lertxundi, Jon Guadix eta Olatz Arca.
Lehen lehiakide bakoitzak hiru trago zerbitzatu behar zituen. Azkenaldian ordea, baso bakarra bete behar dute. Horrek asko zailtzen du ariketa. Kolpe bakarra dutenez, lehenengoan asmatu behar dute. Ez dago bigarren tiraldi baterako aukerarik.
Eguerdiko 13:30ean hasi da lehiaketa. Aurkezleak hiru izenak iragarri dituenean, jendea oholtza ingurura hurbiltzen hasi da. Jendearen erreakzioak azken erabakian eragin ote duen ez dakigu, baina hiru botatzaileen lana goraipatua izan bada ere, txalo eta animo gehien batu dituen botaldia Julen Lertxundirena izan da. Txapeldunarena, alegia.
Irabazleak txapela, sagardo kutxa eta gazta etxeratu ditu. Jon Guadixek sagardoa eta gazta, eta Olatz Arcak sagardo kutxa. Lehiaketa bukatu denean, bakoitza bere postura itzuli da, goiz partean hasitako lana amaitzera.