Sagardo Eguna

Mundu bat, sagardo eta festa egarriz

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 24a

Aspaldiko Sagardo Egun udatiarrenak jendetza batu du igande eguerdi honetan, herri erdigunean. Berotzarekin plazaratu dira herrikide eta bisitariak, sagardo eta festarako egarri itzelarekin.

Galtza motzak eta mahuka motzeko kamisetak nagusi gaurkoan, baita burua estaltzeko txapelak, abanikoak, betaurreko ilunak eta erredurak saihesteko eguzkitako krema. Elementu horien guztien beharrean izan da, festa gogoz plazaratu den jendetza, igande honetako, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Egunean. Izan ere, azken urteotako edizio udatiarrena dugu aurtengoa.

Herritarrek eta bisitariek jaialdi gunera eginiko bisitan nabaria izan da, itzalpean ziren eremuetan nola pilatu den jendea. Eguzkipean ere bai, noski, izan da mugimendurik, baina gogotik hartu dute itzalpera itzulitako unea.

Gainerakoan, ohi bezala, lagun kuadrillak, bikoteak, bakarka etorritako bisitariak, famili giroan heldutakoak... denetarik izan da. Bisitarien artean, botilatik edalontzira sagardoa zerbitzatzeko unea islatzen duen tatuajedun aita seme belgikarrak. 

Festarako gogoa zen denen aurpegietan, egunero ez baita igandea, are gutxiago maiatzeko azkenaurrekoa Usurbilen.