Sagardo Eguna

Talogileak jo eta su aritu dira lanean jaialdi hasieratik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 24a

Egarria asetzeaz gain,hamaiketako ederra eskaintzen aritu dira beste behin, Usurbilgo talogileak igande honetako, maiatzaren 24ko 43. Sagardo Egunean. Jo eta su aritu dira lanean jaialdi hasieratik.

Askatasuna plazako pintxoak sukaldatu eta zerbitzatzen aritu ohi direnekin batera, talogileak ditugu Sagardo Egun honetako beste protagonistak. Ernai gazte antolakundearen Mikel Laboa plazako karpagunean aritu dira auzolanean goizean goizetik. Jaialdia ofizialki hasterako sukaldatzen hasiak ziren lehen taloak; hamaiketako garaia poztu diote askori.

Erreleboa izan da azken urteotan Usurbilgo talogileen taldean. Gogotik eusten ari zaie gaurkoa bezalako egun seinalatuetan auzolanean aritzeko prestasunari. Gaurkoan, urtero moduan, sagardoa zintzurretik behera barneratzen laguntzen jo eta su aritu dira etenik gabe lanean eguerdi parte osoan, bazkalordura arte.

43. Sagardo Egun honekin, estreinatu dute Usurbilgo talogileek, aurtengo azoken egutegia.

Usurbil 1936
Irailean beteko dira 90 urte, 1936ko gerraren testuinguruan, kolpistak Usurbilen sartu zirenetik. Azken urteotan herri honen memoria historikoa lantzen dihardu Usurbil 1936 elkarteak. Lan itzela egindako eragileak Sagardo Egun honekin ere bat egin du, azken urteon antzera. Postua jarri dute eta bertan, errifak saltzen aritu dira. Mariskada eder bat zuten jokoan. Arratsaldean eginiko zozketan jakinarazi dutenez, 0844 izan da zenbaki saritua.