43. Sagardo Egunean ere ez du hutsik egin jaialdi honetako ohiko musika-bandak. Lehenbizi kalejiran ibili dira herri erdigunean barrena. Amaitzeko, frontoiko oholtza gainean emanaldia eskaini dute. Zumarte Musika Eskolako trikitilarien eta panderojoleen taldeaz ari gara. Saio ederra plazaratu dute beste behin, haien irakasle Manex Torrealdairen gidaritzapean.
Matrikulazio garaia hastear
Azken urteotan gertatu ohi den moduan, Sagardo Egunaren biharamunean irekiko du Zumarte Musika Eskolak 2026-27 ikasturterako matrikulazio epealdia. Astelehenetik ostiralera, maiatzaren 25etik 29ra eman ahalko da izena haiek prestaturiko eskaintzan.
Bi modutan matrikulatu ahalko da; alde batetik, telematikoki, zumarte.eus atariaren bidez. Presentzialki ere eman ahalko da izena bi egunotan; asteartean hilaren 26an eta ostegunean hilaren 28an, 10:00-12:30 artean eta 18:00-19:00 artean, musika eskolaren egoitzaren bulegoan.
Badira zenbait berrikuntza haien hurrengo ikasturteko eskaintzan. Hainbat instrumentuetan trebatzeko aukera izango da; oraingo honetan, baita alboka jotzen ikasteko aukera eskainiko dute. Gainerakoan, biolina, eskusoinua, flauta, gitarra, kantu teknika, klarinetea, organoa, panderoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, trikitixa, tronpeta, tronboia eta txistua izango dira aukeran.
Horrez gain, 0-3 adin tarteari zuzenduriko musika izango da eskaintza horretan txertaturiko beste berrikuntza. 4-7 urte artekoei zuzenduriko Musika Txokoa, musika mintzaira, abesbatza eta talde instrumentalak, hortxe Zumarteren hurrengo ikasturterako eskaintza osoa.
Informazio gehiago (matrikulazio arautegiaren, prezioen edota klaseen ordutegiei buruzko xehetasunak) bideotatik jaso ahalko duzue:
zumarte.eus
bulegoa@zumarte.eus
943 371 594
Kale Nagusia, 45
