Festa giroan murgiltzeko gogoz ageri dira albiste honi atxikitako irudiko herrikideak. Haiek gabe ez da festarik. Usurbildarren urteko jaiegun seinalatuena 43. ediziora heltzearen erantzuleak dira denak. Tartean ziren, azken hilabeteotan jaialdi hau prestatzen aritu direnak eta haiekin, gaurko auzolan erraldoira batutakoak. Batzuk lehen urtea izango zuten, beste batzuk esperientziadunak dira jaialdi honetan eta haiekin ziren baita, hainbat herrikide beterano ere. Izan ere, belaunaldiartekotasuna dario baita ere Sagardo Egunari.
Edozein kasutan, belaunaldi batekoa edo bestekoa izan, antolaketa lanetan hasiberria edota urteetako esperientziaduna izan, denak elkartu ditu albiste honi atxikitako talde argazkiak. Igande goizeko 11:00etan atera dute, plazan. Irribartsu ziren denak, goizean goiz hasitako auzolanari segida emateko prest. Goizean goiz bildu baitira frontoiaren bueltan, Sagardo Egun honetako azpiegiturak muntatu eta dena prest izatera.
11:30etan ofizialki hasiera eman eta bisitariei harrera egiten hasi aurretik, jada huts egin izan daitekeen erritu honetarako bildu dira denak; denak, auzolana eta jai giroa uztartzeko irrikitan ziren, jaialdia abiatu aurreko azken txanpan.