Sagardo Eguna

Auzolana eta festa giroa fin asko uztartu ditu herritar mordoak

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 24a

Sagardoa, pintxoak edota edalontziak eskuratzeko postuek hartu dute herri erdigunea, gaurko 43. Sagardo Egun honetan. Herritar andana aritu da horietan guztietan lanean. Festa eta auzolana fin asko uztartu dituzte herrikideok guztiok. Gaurkoa bezalako jaialdiek ezinbestekoa duten auzolanean jardundakoen hainbat dituzue ondoko irudiotan.

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldea da igande honetan, maiatzaren 24an ospaturiko Sagardo Eguna antolatu ohi duena. Hilabeteak daramate usurbildarren jaiegun seinalatuena prestatzen. Talde eragile horretara batzen da urtero, herriko boluntario sare zabala.

Gaurko ediziora begira, egina zuten deia auzolan erraldoi horretan parte hartzeko. Herrikideek ez dute hutsik egin 43. edizio honetan ere. Askotariko zereginetan aritu dira, sagardoa eta haren bueltako kultura herri bizitzaren erdigunera ekarri duen jaialdi hasieratik amaierara.

Postu ezberdinetan aurkitutako herritar hainbat dituzue irudiotan, gaurkoan lan eta jai egin dutenak, biak aldi berean. Ospakizuna eta auzolana uztartzen ditu eta gogotik Sagardo Egunak eta hori herrikideen artean nabaria izan da, beste behin.

Hiru jaigune izan ditu Sagardo Egunak; frontoia, Askatasuna eta Dema plazak. Etxean eginiko sagardoa dastatu ahal izan da, baita Aginagako, Usurbilgo eta Zubietako sagardotegietakoak ere, nahiz eskualdeko edota Gipuzkoako beste zenbait udalerrietako edariak ere bai.

Ia berrogei sagardo postu guztira, herritar nahiz bisitarien egarria asetzen ahalegintzeko. Edariarekin batera, pintxo aukera zabala dastatzeko aukera eskaini dute Askatasuna plazan.