Abisu horian aste hasiera honetan ere, egunotako bero boladagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 25a

Tenperatura altu iraunkorrari, muturreko tenperatura oso altuei eta baso sute arriskuari lotutako abisu horiak izango dira indarrean asteazkenera arte gutxienez.

Uda giro betean agurtu dugu joan den astea Usurbilgo Sagardo Egunarekin. Datozen egunotan, atzo baino bero handiagoa egin dezake. Ondorioz, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, abisu horian izango gara aste hasiera honetan, asteazkenera arte bai gutxienez, bero boladagatik.

Tenperatura altu iraunkorragatik, baso sute arriskuagatik eta muturreko tenperatura oso altuengatik abisu horiak izango dira indarrean. Tenperatura altu iraunkorrari eta baso sute arriskuari lotutako abisu horiak egun osoz izango dira indarrean osteguna heldu bitarte; muturreko tenperatura altuengatik lotutako abisua, aldiz, astelehenean eta asteartean, 13:00-20:00 artean.

Euskalmet-ek iragarritakoaren arabera, 30 gradutik gorako tenperatura izatera hel gaitezke egunotan. Horrekin batera, "baso-sute arriskua altua da, tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", aipatu meteorologia agentziaren arabera. Horregatik, horri lotutako abisu horia ere indarrean izango da egunotan.

Aste eguzkitsua izango dugula iragartzen ari da Euskalmet. Asteazkenetik aurrera, ere 25-30 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu asteburura arte. Uda giro beteko egunak datozkigu.


Egunotarako iragarpena
Astelehen honetan, maiatzaren 25ean, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Baliteke arratsaldean brisa sartzea. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Asteartean, hilaren 26an, "zerua hodei gutxirekin egongo da. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; eguerdi partean indarra galduko du. Baliteke arratsaldean brisa sartzea. Tenperaturan aldaketarik ez".

Asteazkenean, hilaren 27an, "zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Arratsaldean mendi inguruetan bero-hodeiak izango dira. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerditik aurrera brisa ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.