Ikastola Eguneko bazkaritarako txartelak eskuratzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 26a

Agerialdeko jolastokian nahiz Udarregi ikastolaren idazkaritzan eskuratu ahal izango dira, ekainaren 6ko jaialdiko otordurako txartelak.

2025-26 ikasturtea amaierara bidean da jada. Bide horretan, tarte hau komunitatea elkartu eta festa giroan agurtu nahi du Udarregi ikastolak. Horretarako baliatu ohi du Ikastola Eguna; aurtengo edizioa, ekainaren 6an ospatuko dute. Tartean, bazkaritan bilduko dira, bertako langileak, gurasoak eta ikasleak.

Adi, otordu horretarako txartelak erosteko azken egunak izango dira honako hauek. Batetik, Agerialdeko jolastokian eskuratu ahalko dira astearte eta ostiral honetan, hilaren 26an eta 29an hurrenez hurren, 16:30-17:00 artean. Horrez gain, urtero moduan, Udarregi ikastolaren idazkaritzan ere erosi ahalko dira, hilaren 27tik 29ra, ordutegi honetan; 8:00-13:00 artean.

Gehienez, 500 lagunentzako lekua izango duen otordurako bi menu prestatuko dituzte ekainaren 6ko Ikastola Eguneko bazkaritarako eta horietako bakoitzak osagaiok izango ditu:
-Ikasleentzat: makarroiak tomatearekin, oilaskoa, izozkia, ogia eta ura. Prezioa: 11 euro.
-Helduentzat: entsalada, oilaskoa, tarta, ogia, sagardoa/ardoa/ura, kafea eta pattarra. Prezioa: 17 euro.

Bazkalostea ere girotua
Otordu horri begirako zenbait ohar plazaratu dituzte antolatzaileek. Batetik, "alergiaren bat izanez gero, txartela erosterako garaian, bertan jakinarazi" behar dela berri eman dute. Horrez gain, "LH 1etik aurrerako ikasleak beraien taldearekin eseriko dira, baina norbaitek hala nahi ez badu, tiketa erosterakoan adierazi behar du". Azkenik, "talde bat osatzen duten pertsonen kopuruaren berri eman ahal izango da, elkarrekin eseri ahal izateko, frontoian bertan 12:00ak arte. Ordu horren ondoren iristen direnek ez dute bermatuta izango elkarrekin eseri ahal izatea". 

Frontoian egingo da bazkaria bazkaloste girotuarekin. Une horretan hain zuzen, "ikasleen musika emanaldiak izango ditugu arratsaldea girotzeko". Bazkalaurretik ere hitzordu gehiago izango dira urtero moduan.