Apirilaren 18an Donostia erdiguneko kaleetan manifestatu eta handik hiru egunera Donostia ospitalearen atarian mobilizatu ostean, aste hasiera honetan elkarretaratzea egin dute Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako hiriburuko Alderdi Eder ondoan duen ordezkaritzaren atarian.
Beste behin, argi salatu nahi izan dutenez, "ez dugu onartuko osasun publikoaren narriadura planifikatua". Jada, gainean dugun uda garaira begira bi galdera plazaratu dituzte; "zer gertatuko da uda honetan? Gehiago murriztuko da dagoeneko murriztuta dagoen hori?".
Elkarretaratzerako hautatutako aldarri ezaguna plazaratu dute beste behin; "promesarik ez! Konponbideak orain!" nahi dituztela aldarrikatu dute. Pankarta berean, aipamena egina zioten baita, herri plataforma hauek duela hilabete galdegindako bilerari. Izan ere, duela hilabeteko mobilizazioetan "salatu genuen Donostialdeko ESIko EAGen egoera katastrofikoa, hau da, Donostialdeko Erakunde Integratuko Etengabeko Arreta Guneen egoera katastrofikoa; datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen".
Egoera horren harira, "ESIko kudeatzailearekin bilera bat egitea eskatu genuen, egoera hori konpontzeko planteatzen duten alternatiba ezagutu ahal izateko". Baina gaurkoz, ez dute erantzunik jaso. "Hilabete joan da dagoeneko, eta ez dugu erantzunik jaso", aipatu dute herri plataforma hauek aste hasiera honetako elkarretaratzean.
"Osasun-zerbitzuetarako sarbidean ekitatea hausten ari da"
Beste behin, medikuen gabeziak dakarrenaz ohartarazi dute. "Etengabeko Arreta Guneak medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna, eta ekitatea hausten du, zerbitzuetara iristeko zailtasunagatik eta gehiegi kargatzen ditu ospitaleko larrialdiak".
Bide honetan aurrera eginez gero, plataforma hauek galdetu dute; "normalduko al dugu osasun-arretako zerbitzuak medikurik gabe izatea? Grebetan eskatzen diren gutxienekoak ere betetzen ez dituzten osasun arretako zerbitzuekin konformatzen al da Osakidetza? Noiz arte adabakiak, peonadak, bete gabeko txandak eta abar, egiturazko arazoetarako benetan egiturazko konponbiderik proposatu gabe?".
Osakidetzaren buruei hitzetatik ekintzetarako jauzia egitea falta zaiela adierazi dute aipatu herri plataformek. "Osakidetzako buruan konponduko da hitzak onak izan arren, errealitatea oso burugogorra da, eta justu kontrakoa erakusten digu: aseguru pribatuen kontratazioa gora egiten ari da, osasun-zerbitzu publikoen narriadura progresiboaren ondorioz; era horretan, osasun-zerbitzuetarako sarbidean ekitatea hausten ari da, desberdintasunean sakonduz".