Udalbatzaren osoko bilkura

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpena, etziko osoko bilkurako hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 26a

Maiatzaren 28rako deitu du Udalak hilabete honi dagokion osoko bilkura. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, herri bideak edota diru kontuak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek.

Maiatzeko azken ostegunarekin batera egingo da hilero moduan, Usurbilgo udalbatzaren osoko bilkura. Oraingo hau, hilaren 28rako deitu dute, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan udalbatza aretoan. Diru kontuei lotutako zenbait gai hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek; tartean, iazko Kontu Orokorraren onarpena. Herri bideen inbentarioaren eguneratzea edota Artzabal taberna-jatetxearen kudeaketa kontratatzeko deialdia ere saioko hizpideen artean izango da.

Horrekin batera, Usurbilen etorkizuna marraztuko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra ere mintzagaietako bat izango dute osoko bilkura berean, haren behin betiko onarpena hain zuzen. 2025eko urtarrilaren 30eko osoko bilkuran onartu zuten hasieraz. Orduan udal gobernu taldetik jakinarazi zuten moduan, dokumentua bera "EAE-ko Lurralde Antolamendurako Batzordera" igortzekoa zuten, "txostena egin dezan hiru hilabeteko epean", eta "ingurumen-adierazpen estrategikoa" egitea galdegiteko ingurumen-organora ere bidaltzekotan ziren. Behin betiko onarpena ematea Foru Aldundiari zegokiola ohartarazi zuten, 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria delako Usurbil.

Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: maiatzak 28, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-2026ko apirilaren 30eko akta onartzea.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko apirilaren 21etik maiatzaren 15era (2026/651-2026/767).
3-Kontu ematea: KALD0002 kreditu aldaketa (2026EKKA0002).
4-2025eko Kontu Orokorra onartzea (2026EKKO0001).
5-Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartzea eta Foru Aldundira bidaltzea, behin betiko onar dezan (2025DEKR0005).
6-Artzabal taberna-jatetxea kudeatu eta ustiatzeko zerbitzu emakidaren kontratazioari hasiera ematea (2026LIZE0001).
7-Usurbilgo herri bideen inbentarioa eguneratzea (2026UDOR0001).
8-Galderak eta eskaerak.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.