Bero handiko egunak bizitzen ari gara. Halere, asteazken honetan, maiatzaren 27an geure inguru hurbilean baso sute arriskuagatik soilik izango gara abisu horian, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. "Baso-sute arriskua altua da, tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", aipatu meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Halere bero handiko egunak datozkigu oraindik. 30 graduren bueltako tenperaturekin. Gipuzkoan barneratuz gero, alerta laranjan izango dira asteazken eta ostegun honetan, hilaren 27an eta 28an hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzak kolore horretako alerta aktibatu du bi egunotarako, "tenperatura altu iraunkorren ondorioz" eta Kantauri barnealdeko eremuan.
Usurbili dagokionean, asteazken honetan, hilaren 27an, aurreko egunen ildo beretik, Euskalmet-en arabera, "zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiekin. Egunaren hasieran hego-haizea ibiliko da; goizean ipar-ekialdera aldatuko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da". 29 gradu inguruko tenperatura izango dugula espero da.
Ostegunean, hilaren 28an, "giroa eguzkitsu egongo da, goi-hodeiekin. Egunaren hasieran eta amaieran hego-haizea ibiliko da, gainerako orduetan iparraldekoa. Tenperatura minimoak igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". 26 graduko tenperatura izatea espero da, Euskalmet-en arabera.
Ostiralean, hilaren 29an, "giroa eguzkitsu egongo da, behe-hodei batzuekin. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak ugaritu egingo dira. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nabarmen jaitsiko dira". 30 graduko tenperatura izan dezakegu.
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.