Buruntzaldea Euskaraz

Zortzi saritu, gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzeagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 28a

Buruntzaldeko udalek eta autoeskolek sustaturiko Gidabaimena Euskaraz egitasmoari lotutako urteroko zozketa egin dute ostegun eguerdi honetan Andoainen. Guztira zortzi izan dira sarituak; tartean, Usurbilgo herrikide bat.

 

Buruntzaldean gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzea saritu egiten dute eskualdeko autoeskola hainbatek eta udalek. Horretan dihardute azkeneko hamasei urteoan, alor hau ere euskalduntzen. Iaz, ahalegin hori egin zutenen artean, hau da, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu zutenen artean, 400 euroko zortzi sari zozketatu dituzte ostegun honetan, maiatzaren 28an, Andoaingo Bastero Kulturgunean eginiko ekitaldian. Eskualdeko udalerri bakoitzean dagoen autoeskola kopuru adina saritu izan dira; Andoainen bi, Hernanin hiru eta Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen saritu bana. Sarai Hernandez izan da udalerri honetako, Usurbilgo saritua.

Autoeskoletako nahiz udaletako ordezkariak bildu dituen Andoaingo ekitaldian, bertako udalerriko euskara alorreko zinegotzi Marta Lasak eta udaletxe eta alor bereko udal teknikari Arantza Garciak azaldu bezalaxe, hamasei urteko ibilbidea osatu du Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek sustaturiko egitasmo honek. Aurten seitik bostera murriztu da udalerri parte hartzaileen kopurua. Izan ere, "Lasarte-Oriak ez du parte hartuko, abian jarri baitu, dagoeneko, dirulaguntza zuzenen sistema berria".

Ibilbide luzeko egitasmo honetan aldaketa nabarmen bat txertzera doaz hain zuzen. "Orain arte, zozketen bidez egin dugun prozedura, aurrerantzean dirulaguntza zuzenak izango dira". Horren harira, Buruntzaldeako hainbat udal hausnarketa lan betean direla jakinarazi du Lasak, "Gidabaimena Euskaraz" egitasmoari jarraipena nola eman zehazteko.

Eskertza
Orain artekoari buruzko balantze gozoa egin du. "Azken urte hauetan guztietan, herritarren partaidetza oso handia izan da. 1.300 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte eta zentzu horretan, bilatutako helburua lortu da; eremu honetan ere, euskararen erabilpena sustatzea". Gaurko zozketara etorrita, 69 lagunek parte hartu dute aurtengo deialdi honetan. Haiek guztiek egitasmo honekin bat egindako autoeskola hauetan landu eta gainditu zuten iaz, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz: Andoaingo Bengoetxea eta Vallina CAP izenekoetan; Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi autoeskolatan; eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal autoeskolatan.

Zozketaren amaieran, saridunak zoriontzearekin batera, urteotan guztiotan gidabaimena euskaraz prestatu eta eskuratzeko ahalegina egindako ikasleak edota eskualde mailako egitasmo honekin bat egindako autoeskolak eskertu dituzte. "Azken finean, beraiek egin dute bidea eta lagundu dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzea naturalagoa eta normalagoa izatea".