Politika pribatizatzaileak eten eta langileekin negoziatzea galdegin diote herri plataformek Osasun Sailari

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 28a

Beste behin, ehuneko ehunean publikoa eta duina izango den osasun sistema defendatu dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek, ohar bidez. Azken hilabeteotako greba asteak deitzen ari den Euskadiko Medikuen Sindikatuak bultzatutako "planteamendua eta estrategia" ere ahotan hartu dute.

"Ez dugu onartuko osasun publikoaren narriadura planifikatua" iragarri zuten Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek aste hasieran Eusko Jaurlaritzak Donostian duen lurralde ordezkaritzaren eginiko elkarretaratzean. "romesarik ez! Konponbideak orain!" nahi dituztela zioen haien pankartaren aldarriak.

Pankarta berean, aipamena egina zioten baita, herri plataforma hauek duela hilabete galdegindako bilerari. Izan ere, duela hilabeteko mobilizazioetan "salatu genuen Donostialdeko ESIko EAGen egoera katastrofikoa, hau da, Donostialdeko Erakunde Integratuko Etengabeko Arreta Guneen egoera katastrofikoa; datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen".

Egoera horren harira, "ESIko kudeatzailearekin bilera bat egitea eskatu genuen, egoera hori konpontzeko planteatzen duten alternatiba ezagutu ahal izateko". Baina gaurkoz, ez dute erantzunik jaso.

Ostegun honetan, Donostialdekoek eta gainerako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek berriz ere osasun sistema publikoak bizi duen egoera salatu dute. "Osasun Sistema Publikoaren narriadura agerikoa da: itxaron-zerrenda onartezinak, langile falta, behin-behinekotasun handia, gainezka egindako agendak, Lehen Mailako Atentzioan joateko zailtasunak eta osasun publikoko langileen lan-baldintzak okertzea".

Egoera hau ez da gaurkoa, iragan urrunetik dator. "Egoera hau ez da ustekabekoa. Osasun publikoaren murrizketen, prekarizazioaren eta ahultze progresibo eta deliberatuaren hamarkadak ekarri zituen eredu neoliberal baten ondorioa da, baita Eusko Jaurlaritzak 15 urte baino gehiagoz negoziazio kolektiboa blokeatu izanaren ondorioa ere".

"Higadura eta ezinegon gero eta handiago horrek" eragin du herri plataforma hauen esanetan, azken urteotako mobilizazio eta greben aktibazioa; besteak beste, otsailaz geroztik hilero astebetez grebak deitzen ari den Euskadiko Medikuen Sindikatua.

Testuinguru horretan, herri plataforma hauen arabera, "egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta Osasuneko sailburuak ezin dute beren erantzukizunak saihesten jarraitu, ezta Madrilgo langileei edo gobernuari hondatzearen errua botatzen ere. Beren eskumenetatik, langile guztiekin negoziatzea dagokie, eta Osakidetzako lan-baldintzen narriadura larriari irtenbidea ematea".

Ildo horretan, "medikuen kolektiboak planteatutako errebindikazioetako batzuk legitimoak dira, eta artatu egin behar dira: 24 orduko guardiekin amaitu, lan eta ordainsari baldintzak hobetu edo erretiroaren ondorioetarako guardiako denbora erreala aitortu".

Hala ere, argitu nahi izan dutenez, "horrek ez du esan nahi SME sindikatuak bultzatutako planteamendua eta estrategia partekatzen denik".


Bestelako eredu baten defentsa
Sindikatu horri buruz adierazi dutenez, "benetako ezinegona baliatu du negoziazioan bere posizio korporatiboa indartzeko, medikuentzako akordio esklusiboak defendatuz eta Osakidetzako gainerako langileak baztertuz".

Bigarrenik, "planteamendu horrek osasun publikoaren barruko talde-lana ahultzen du, eta profesionalen arteko desberdintasunak sendotzen ditu eta asistentziaren kalitatea hondatzen du".

Herri plataforma horien arabera, "ez du zalantzan jartzen osasun-eredua, Lehen Mailako Arreta eta prebentzioa bigarren mailako zereginean uzten dituen ospitalezentrismoan oinarritzen dena. Era berean, ez du zalantzan jartzen pribatizazioa bere forma guztietan: itunak, sektore pribatura bideratzea eta zerbitzuak kanporatzea; ezta gutxi hornitutako sistema artifizialki eusteko erabiltzen diren milaka aparteko ordu estrukturalak (peonadak) ere".

Kontraesantzat jotzen dute, "lan gainkarga salatzea, aparteko orduetan eta osasun publikoaren eta pribatuaren arteko jarduera bateragarri egitean oinarritutako eredu bat defendatzen den bitartean".

Aipatu sindiatuaren eredua bat herri plataformon hitzetan, "Eusko Jaurlaritzarenarekin: osasun pribatizatua, ospitalezentrista eta sektore pribatuaren gero eta mendekoagoa".

Horren aurrean, bestelako eredua defendatu nahi dute herri plataforma hauek. "Osasun-sistema publiko %100 publikoa, plantilla nahikoak eta egonkorrak dituena; Lehen Mailako Arreta sendoa sistemaren ardatz gisa, kontsulta presentzialak eta arreta-denbora nahikoak dituena (gutxienez 15 minutu); eta jarduera publikoaren eta pribatuaren arteko benetako bateraezintasuna, interes-gatazkak saihesteko. Osasun Sailak bere erantzukizuna bere gain hartu behar du, eta langile guztiekin benetako negoziazio bat ireki behar du, lan aldarrikapen legitimoei irtenbideak eskainiz, baina baita osasun publikoa hondatzera eraman duten politika pribatizatzaileei amaiera emanez ere".