Mugikortasunerako hobekuntza historikotzat jo du PSE-EEk tren-geltoki berriaren irekiera

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 28a

Ohar bidez, Usurbilgo tren-geltoki berriaren irekiera ospatu nahi izan du Usurbilgo PSE-EEk.

Iragan ostiralean, maiatzaren 22an inauguratu eta biharamunaz geroztik martxan da normaltasunez eta osoki, Usurbilgo tren-geltoki eraberritua. Irekiera bera ospatzeko motibotzat jo du Usurbilgo PSE-EEk. "Udalerriko mugikortasunerako hobekuntza historiko gisa" definitu du hedabide honetara helarazitako ohar bidez, Petri Romero sozialisten bozeramailearen esanetan, "udalerriko biztanleentzako mugikortasun, irisgarritasun eta segurtasun arloan hobekuntza historikoa ekarriko duelako"".

Proiektu hau gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriko Sailak eginiko lana goraipatu du udal talde sozialistak, "Susana García Chueca sozialista buru duena, Usurbilek aspalditik espero duen eta funtsezkoa den azpiegitura bat gauzatzeko hartutako konpromisoa eta egindako lana" hain zuzen.

Ia astebete zabalik eta martxan daraman tren-geltoki berriari esker, "gure bizilagunen mugikortasuna hobetuko da, eta, gainera, hiru trenbide-pasagune kenduko dira, segurtasun arloan aurrerapen garrantzitsuak direnak", gaineratu du Romerok.

Proiektu honen bueltan egon den erakundeen arteko lankidetza goraipatu du.  "Erakundeek borondatez lan egiten dutenean herritarren bizi-kalitatea hobetzen dela", nabarmendu du.

Aurrera begira, PSE-EE-tik iragarri dutenez, "lanean eta urratsak ematen jarraituko dugu, hobeto konektatuta, eskuragarriago eta etorkizunerako prestatuago egongo den udalerria eraikitzeko", jakinarazi du Romerok.