Uda aurreko azken ekintzak egunotan Sutegi udal liburutegian

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 28a

Idazketa tailerra, irakurle gazteen topaketa eta literatura solasaldia antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak maiatzaren 30etik ekainaren 2ra.

Uda aurreko azken ekintzen zikloan sartzera doa Sutegi udal liburutegia. Azkeneko hiru ekintzak egunotarako antolatu ditu, maiatzaren 30etik ekainaren 2ra. Hasteko, larunbat honetan, maiatzaren 30ean, Ana Merinok idazketa tailerra eskainiko du. Berez duela astebeterako iragarria zegoen hitzordua izango da.

Ekintza horrez gain, ekaina hasierarako beste bi hitzordu iragarri ditu Sutegi udal liburutegiak: batetik, Alaine Agirrek bideraturiko solasaldia Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuaren bueltakoa hilaren 2an. Bezperan, "Sormena partekatuz", Usurbilgo irakurle gazteen topaketa antolatu du Sutegi udal liburutegiak Yolanda Arrietarekin.

"Badira urte batzuk haur eta gaztetxoekin irakurketa-solasaldiak burutzen ditugula; liburu mordoa irakurri dugu urte hauetan: ZOMORROPOEMAK (Leire Bilbao), GALTZERDI SUIZIDA (Mariasun Landa), TXAN FANTASMA (Mariasun Landa), AITONA FLOREN (Karmele Mitxelena), BIHOTZA DUN-DUN (Miren Agur Meabe), TXOKOLATEGIA (Yolanda Arrieta), MARI XOR (Yolanda Arrieta), EUSKAL HERRIETAKO IPUINAK (J.K. Igerabide), SORGINAK (Roalda Dahl)... eta beste hainbeste", azaldu dute Sutegi udal liburutegitik.

Ibilbide oparo honetan, "bi talde sendo xamar osatu dira gurean, beti ere, Yolanda Arrieta bidelagun dugula/dutela: LH4-LH5eko bat, eta LH6-DBH1eko bestea". Horregatik, topaketa modukoa antolatzea erabaki dute ikasturte hau borobiltzeko, "non irakurri ez ezik, idatzi eta marraztu egingo dugun; hitz batean esateko, sortu".

Hitzordu horretan parte hartzeko ez da ezinbestekoa aurreko irakurketa-solasaldietan parte hartu izana. "Gaiarekiko interesa duen edonor etor daiteke lagunartean sortzera eta gozatzera".

Udaberria liburutegian
Maiatzak 30, larunbata
11:30 Ana Merinok bideraturiko idazketa tailerra (gaztelaniaz).
Iraupena: ordu eta erdi.

Ekainak 1, astelehena
16:00 "Sormena partekatuz", Usurbilgo irakurle gazteen topaketa Yolanda Arrietarekin. "Urtean zehar gazte(txo)en solasaldietan parte hartzen duten kideen topaketa; plana tentagarri iruditzen zaion edonori irekia".
Iraupena: ordubete inguru.

Ekainak 2, asteartea
18:30
Alaine Agirrek bideraturiko solasaldia Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuaren bueltan. "Sutegi Liburutegian jada eskuragarri daude aipatu liburuaren hainbat ale, saioan parte hartzeko liburua aldez aurretik irakurtzea komeni baita".

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.