Etumeta AEK euskaltegia albiste dugu lerrootan, bi deialdi tarteko. Izan ere, ezagutaraztear dituzte urteko lehenengo hilabeteetan antolaturiko laugarren literatura lehiaketako sarituak nortzuk diren.
Gogoan izan, otsailetik apirilaren 22ra arteko epealdia finkatu zuen Etumeta AEK euskaltegiak idazlan laburrak aurkezteko. 18 urtetik gorako usurbildarrek edota euskaltegiko ikasleek parte hartu ahal zuten ekimen horretan.
Sari banaketa datorren asteazkenerako, ekainaren 3rako iragarri du Usurbilgo euskaltegiak. Aurreko edizioen antzera, arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia, Txiribogan. "Bertan 4. edizioaren irabazlea zein den jakingo da. Bi aipamen ere izango dira, eta horien izenak ere bertan ezagutuko dira", iragarri dute antolatzaileek. Antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera, txapeldunak 150 euroko baliodun saskia jasoko du; aipamena jasotzen duenak edo dutenek 70 euroko baliodun saski bana. Horrez gain, "parte hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira sari banaketara, eta oroigarri bana emango zaie".
Aurrematrikulatzeko garaia
Sari banaketa ekitaldi horrekin 2025-26 ikasturtearen azken txanpara gerturatzen ari da Etumeta AEK euskaltegia. Datorrenera begira, 2026-27 ikasturtera begirako aurrematrikulazio kanpaina abiarazi dute jada. Ekainaren 30a baino lehen bideratu ahalko da tramitazio hori telematikoki aek.eus webgunean edota presentzialki Etumeta AEK euskaltegian.
Orain aurrematrikulatzeak hainbat abantaila dakartza, AEK-ren esanetan; batetik, ikasturte honetako prezio bera izateko aukera; bestetik, ordainketa malguagoa; eta taldeak eratzeko orduan lehentasuna izateko aukera. "2026/27 ikasturtean euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi baduzue, aprobetxatu AEKren matrikulazio eskaintza berezia", egin dute gonbita AEK-tik.
Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue:
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus