Maiatzeko azken ostirala heldu da. Horrekin batera, gaur, maiatzaren 29an, elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sarek arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.
Gaurko mobilizazioa, Sarek apirileko kontzentrazioan iragarritako agerraldi jendetsuaren atarian egingo da. Izan ere, hilaren 6an, goizeko 11:30etan Arrasateko Monterron parkean deitu du hitzordu hori Sarek. "Aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena izango dela aurreikusten dugu eta orain arteko moduan zuek guztiokin konpartitu nahi dugu garrantziazko agerraldia", berri emana du Sarek.
"37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak"
Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidea izan zuten mintzagai nagusi, Usurbilgo Sarek deituta apirilaren 24an, Mikel Laboa plazan eginiko aurreko elkarretaratzean. Zenbakitan adierazi zuten hasteko, zertan den gaia. "Aurrera goaz etxeratze prozesuan eta bistakoa da zifrei begiratzen badiegu". Izan ere, Sareren esanetan, "EPPK-ko ehun presoko langa gainditzea lortu dugu eta datozen egun eta asteetan aurrera urratsak ematen jarraitzea espero dugu", iragarri zuten.
97 dira egun, "horietatik 60 dira egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren presoak, beraz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak beraien zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere".
Tartean da, duela hilabeteko elkarretaratzean nabarmendu zutenez, "azken egunotan egunerokotasun mediatikoa hartu duen Iparragirre eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa". Erabaki hori, "arduraz eta kezkaz hartzen dugu. Beste behin, argudiaketa juridikotik baino mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da. Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dugu nahiz eta, presioa egitera eta mendeku politikak gailentzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean".
Horrez gain, iheslarien kolektiboa ere ahotan hartu zuen Sarek. Izan ere, berriki Olaztitik urrun 45 urte igarotako Hilario Urbizu zendu da Mexikon. "Doakiela gure babes eta besarkadarik beroena bere senide eta lagunei", adierazi zieten duela hilabeteko elkarretaratzetik.