Behin betiko onartu dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorra

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 29a

Usurbilgo etorkizuna marraztu eta arautuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) behin betiko onartu dute ostegun honetako, maiatzaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran.

Udal gobernu taldetik mugarritzat jotako erabakia hartu du udalbatzak ostegun honetan, maiatzaren 29an. Behin betiko onartu du herri honen etorkizuna marraztu eta arautuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Foru Aldundira igorriko du Udalak HAPO-a behin betiko onar dezan. Izan ere, erakunde horri dagokio azken erabaki hori hartzea, 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria delako Usurbil.

Atzoko onarpenarekin, hamarkada batetik gorako lanketa borobildu dute. Izan ere, 2014an orduko udal gobernu taldea hasi zen orain arteko plangintza berrikusten. Hamaika parte hartze prozesu, azterlan eta dokumentu osatu dituzte ordutik. "Usurbil, oraina da geroa" prozesuarekin eman zioten hasiera ibilbide hari 2014an. Gerora etorri ziren, mugikortasunari lotutako nahiz auzokako prozesu sektorialak; "Kale Irekiak (2016), Aginaga (2017/18), Zubieta (2020), Kalezar (2021) eta Santuenea (2021/22)".

2015ean aurrerakina onartu eta plangintza hau idazteko helburu eta irizpideak adostu zituzten. Ahal izan duten heinean ere eragindako lurjabeekin ere adostasunetara heltzen ahalegindu zirela oroitarazi zuten udal gobernu taldetik. "Lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua".

Dokumentua bera idazteko ardura, gainera, "bere gain hartu du udalak, langile propio bat zeregin horretara bideratuta, herriaren eta herritarren interesen alde egiteko modurik egokiena zela iritzita. Jatorrizko dokumentua euskaraz idatzia izan da, eta gaztelaniara itzulia, gero".

2022an hasierako onarpena eman zitzaion HAPO-ari. Gero, alegazioak aurkezteko epealdian, 16 txosten sektorial biltzeaz gain, 41 ekarpen jaso zituzten, 2024ko ekainean ebatzi zituztenak. Gerora, txosten horien ohartarazpenekin, alegazio onartuekin... beharrezko egokitzapenak txertatu zituzten hurrengo hilabeteotan.

Iazko urtarrilean eman zitzaion behin behineko onespena. Une hartan, gainera, dokumentua bera "EAE-ko Lurralde Antolamendurako Batzordera" igortzea erabaki zuten, "txostena egin dezan hiru hilabeteko epean", eta "ingurumen-adierazpen estrategikoa" egitea galdegiteko ingurumen-organora ere bidaltzekoak ziren.

Ibilbide hori jorratuta heldu da udalbatza HAPO-ari behin betiko onarpena ematera. Ostegun honetako udalbatzaren osoko bilkuran izan da. Iaztik egiten ari diren moduan, saiook zuzenean ari dira eskaintzen Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Atzokoa ikusgai duzue jada eta hortxe entzun dezakezue gai horri buruz udal taldeek adierazitakoa.

Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.

Aipatu plan orokorraz gain, iazko Kontu Orokorraren onarpena, herri bideen inbentarioaren eguneratzea edota Artzabal taberna-jatetxearen kudeaketa kontratatzeko deialdia ere ahotan hartu zuten udal ordezkariek.

Udalbatzaren osoko bilkuran hartutako erabakiak
-2025eko Kontu Orokorra onartzea (2026EKKO0001).
Bozketa: alde EHBildu, PSE. EAJ, abstentzioa.

-Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartzea eta Foru Aldundira bidaltzea, behin betiko onar dezan (2025DEKR0005).
Bozketa: alde EHBildu, PSE. EAJ, aurka.

-Artzabal taberna-jatetxea kudeatu eta ustiatzeko zerbitzu emakidaren kontratazioari hasiera ematea (2026LIZE0001).
Bozketa: alde EHBildu, PSE. EAJ abstenzioa.

-Usurbilgo herri bideen inbentarioa eguneratzea (2026UDOR0001).
Bozketa: aho batez.