"Nire helburua da ariketa fisikoa eguneroko martxan txertatzea"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 29a

'Agu, pilates eta ariketa fisikoa' egoitzaren ateak ekainaren 1ean irekiko ditu. Bere eskaintzaren berri emateko, ate irekiak iragarri ditu maiatzaren 28 eta 29rako.

Zergatik da garrantzitsua ariketa fisikoa egitea?

Nire helburua ariketa fisikoa gure bizi ohituretan txertatzea da. Eguneroko bizitzari lanorduetan aurre egiteko eta lanorduetatik kanpora osasuntsu sentitzeko bai mentalki baita fisikoki ere. Belauneko edo aldakako lesio asko ikusten dira, eta nik uste erreminta garrantzitsua dela prebentziorako.

Zer eskainiko duzu Agun?

Lana talde txikietan egingo dugu. 15-20 pertsonako taldeekin aritu izan naiz eta jarduera batzuetarako zoragarria den arren, egia da pertsonen beharretara iristeko zailagoa dela. Pilates ikastaroak, entrenamendu funtzionalak eta ariketa hipopresiboak eskainiko ditut. Helburua hasieratik lana kontzienteki egitea izango da etortzen den pertsona ororen gorputza ezagutzeko, lantzeko eta indartzeko.

Nori bideratuta daude?

Pertsona ororentzat irekita egongo da. Nire azken formakuntza izan zen emakumearen fisiologia errespetatuz nola entrenatu behar den hilekoa jaisten zaigunetik aurrera.

Zergatik erabaki duzu zabaltzea?

2005ean hasi nintzen mundu honetan, 2019an zentro txikiagoetara aldatu nintzen. Beti formatzen aritu naiz eta beti herritik kanpo egin dut lan. Ingurukoek Usurbilen horrelako zerbait falta zela esaten zidaten. Bizitzako une batean geldiune bat egin nuen, eta emakumeak entrenatzeko formatu nintzen. Momentu horretan, herrian bertan lan egiteko ideiarekin hasi nintzen. Hainbeste urtetako lan eta esperientziaren ondoren, hemen hasteko unea iritsi da.

Emakumeen entrenamenduaz aritu zara, nabaritzen da emakume batek hilekoa duenean?

Bai. Gure gazteak hezi behar dira hilekoa jaisten zaigunean, ez dela bakarrik zikintzen dugula eta ea hurrengoa noiz datorren. Zikintzen dugunetik hurrengoa etorri arte gure hormonak errusiar mendi bat dira. Gainera, gure bizitzan garrantzitsuak diren alterazio hormonalak dira. Orduan, aldaketa horiek ulertzea da kontua.

Nik formakuntzan eskainiko diedana hauxe da: hilekoaren fase bakoitzean nola entrenatu, intentsitatea, indarra eta mugikortasuna,... Gero egia da emakume bakoitza mundu bat dela, eta horregatik talde txikietan lan egitearen garrantzia, bakoitzaren beharretara iristeko, norberak ezagutza hori edukitzeko. Hori dena azaldu egin behar zaie. Izan ere, emakumeok askotan ez dakigu zer dugun, eta aurrera jarraitu dugu, baina azalpenak daudela esan behar zaie.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Azkeneko urteetan, paziente onkologikoekin egin dut lan, batez ere bularreko minbizia zutenekin, eta haientzat ere leku goxo bat izatea nahi dut. Tratatu edo ez tratatu, erabiltzaile horientzako, talde txikietan, aukera hori ere izango dute momentu horretan behar duenera egokituz.