Maiatzeko azken ostiralarekin batera, mobilizatu dira Mikel Laboa plazan, Sarek deitutako elkarretaratzean. Oraingo hau, ate joka den deialdi garrantzitsu baten atariko mobilizazioa izan da. Izan ere, agerraldi jendetsu nazionala deitu du Sarek ekainaren 6an, goizeko 11:30etan Arrasateko Monterron parkean. "Datorren ekainaren 6an zita garrantzitsu bat dugu euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde gabiltzanok!", jakinarazi du Sarek.
Mikel Laboa plazako elkarretaratzean iragarri zutenez, "konponbidean sakondu eta bake eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi duen herri bat elkartuko da". Une hori partekatua izatea nahi dute. "Urte luzez ondoan izan ditugu alderdi, sindikatu eta eragileekin konpartitu nahi dugu momentua, baina batez ere herritarrekin. Zurgin, irakasle, mediku, iturgin edo albaitari, urtarrileko manifestazioan, hondartzetako mobilizazioan edo herriz herri gauzatu ohi ditugun azken ostiraletako mobilizazioetan parte hartzen duzuen herritar guztiekin konpartitu nahi dugu momentua", nabarmendu du Sarek.
Horregatik, aipatu herri bilgunetik jakinarazi dutenez, "haur, gazte zein heldu, guztion presentzia ezinbestekoa izango da mugarri izan nahi duen agerraldian, guztion artean eman ditugun eszenatoki honetara ekarri gaituzten urratsak eta guztion artean eman ditugu konponbide oso batera bidean emateko falta zaizkigun urratsak".
Mugarritzat definitu duten hitzordu horretan, "momentuak eskatzen duen zuhurtziarekin, euskal gizarte zabalari luzatu nahi diogu gonbita Arrasatera gerturatzeko eta elkarrekin, garrantzia handia ematen diogun albistea elkarrekin publiko egiteko". Hara Usurbildik elkarrekin autoetan joateko deia egin dute. Ekainaren 6an, goizeko 10:00etan anbulatorioko aparkalekutik abiatzeko hitzordua jarri du Usurbilgo Sarek.
"Zubiak eraikitzen"
Datozen hilabeteak iragandakoak bezain erabakiorrak izatea espero du Sarek. "Euskal gizartearen gehiengo zabalak argi erakutsi du urteetan zehar, bakearen eta elkarbizitzaren alde egitearen apustua eta nahi eta behar horien ordezkaritzan, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren behin betiko konponbidea ezinbestekoa dela uste dugu bake iraunkor eta elkarbizitza justu baten eraikuntzan".
Bide horretan, orain arte bezala, "arduraz eta elkarren sufrimenduekiko enpatiaz, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko kontsentsu eta gerturatzeak eraikitzen jarraitu nahi dugu".
Sareren datozen deialdiak
Ekainak 6, larunbata
10:00 Arrasateko agerraldi jendetsura autoz abiatzeko hitzordua anbulatorioko aparkalekuan.
11:30 Sareren agerraldi jendetsua Arrasateko Monterron parkean.
Ekainak 26, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Sare.