Maiatzeko azken larunbata gaur. Hilero moduan, izatez kantu-jiran plazaratzeko eguna behar luke izan Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideentzat, baina gaur ez da haien ahotsik entzun herriko kaleetan. Izan ere, ez dute hileroko hitzordurik eskaini. Hurrengoa, gainera, ez da izango ezta ekaineko azken larunbatean ere. Uda aurreko azken saioa izango dena, hilaren 13ra aurreratu dute. Ohi bezala, eguerdiko 12:00etan finkatu dute abiatzeko hitzordua Mikel Laboa plazatik.
Saio berezia izango da. Izan ere, Amaia Zubiria Zubietako abeslariari eskainitakoa izango da datorren kantu-jira. "Zubietako alabak euskal kantugintzari egindako ekarpen itzela aitortu nahi dugu era honetan. Helburu horrekin kantu bilduma bat osatu dugu bere ibilbidean zehar abestutako kanta ezagunenekin. Animatu parte hartzera!".
Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko deialdiak
Astelehenero...
18:00 Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.
Ekainak 13, larunbata
12:00 Amaia Zubiriari eskainitako kantu-jira berezia Mikel Laboa plazatik.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.