Uda aurreko azken ekintzak aste hasiera honetan, Sutegi udal liburutegian

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 1a

Irakurle gazteen topaketa eta literatura solasaldia antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak aste hasiera honetarako.

Uda aurreko azken ekintzen zikloan da Sutegi udal liburutegia. Ekaina hasiera honetarako beste bi hitzordu iragarri ditu Sutegi udal liburutegiak: batetik, Alaine Agirrek bideraturiko solasaldia Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuaren bueltakoa hilaren 2an. Bezperan, "Sormena partekatuz", Usurbilgo irakurle gazteen topaketa antolatu du Sutegi udal liburutegiak Yolanda Arrietarekin.

"Badira urte batzuk haur eta gaztetxoekin irakurketa-solasaldiak burutzen ditugula; liburu mordoa irakurri dugu urte hauetan: ZOMORROPOEMAK (Leire Bilbao), GALTZERDI SUIZIDA (Mariasun Landa), TXAN FANTASMA (Mariasun Landa), AITONA FLOREN (Karmele Mitxelena), BIHOTZA DUN-DUN (Miren Agur Meabe), TXOKOLATEGIA (Yolanda Arrieta), MARI XOR (Yolanda Arrieta), EUSKAL HERRIETAKO IPUINAK (J.K. Igerabide), SORGINAK (Roalda Dahl)... eta beste hainbeste", azaldu dute Sutegi udal liburutegitik.

Ibilbide oparo honetan, "bi talde sendo xamar osatu dira gurean, beti ere, Yolanda Arrieta bidelagun dugula/dutela: LH4-LH5eko bat, eta LH6-DBH1eko bestea". Horregatik, topaketa modukoa antolatzea erabaki dute ikasturte hau borobiltzeko, "non irakurri ez ezik, idatzi eta marraztu egingo dugun; hitz batean esateko, sortu".

Hitzordu horretan parte hartzeko ez da ezinbestekoa aurreko irakurketa-solasaldietan parte hartu izana. "Gaiarekiko interesa duen edonor etor daiteke lagunartean sortzera eta gozatzera".

Udaberria liburutegian
Ekainak 1, astelehena
16:00 "Sormena partekatuz", Usurbilgo irakurle gazteen topaketa Yolanda Arrietarekin. "Urtean zehar gazte(txo)en solasaldietan parte hartzen duten kideen topaketa; plana tentagarri iruditzen zaion edonori irekia".
Iraupena: ordubete inguru.

Ekainak 2, asteartea
18:30
Alaine Agirrek bideraturiko solasaldia Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuaren bueltan. "Sutegi Liburutegian jada eskuragarri daude aipatu liburuaren hainbat ale, saioan parte hartzeko liburua aldez aurretik irakurtzea komeni baita".

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.