Urteko seigarren hilabetean sartu gara, 2026ko erdibidera heltzear gara dagoeneko. Ohi den moduan, ekaina mugitua datorkigu Usurbilen, askotariko ekintzekin. Egun gutxi batzuk baino ez dira izango hitzordurik gabekoak. Gainerakoan, urtero gertatzen den bi garaien arteko aldaketarako trantsizioa biziko dugu; 2025-26 ikasturtearen amaiera eta uda giroko ekimenen etorrera.
Ikasturte hau agurtzeko hainbat hitzordu antolatu dira. Ikastetxeei dagokienean, Udarregik bere Ikastola Eguna ospatuko du larunbatean, ekainaren 6an, jolas, emanaldi, erromeria edota bazkari baten bueltan. Zubietako eskolako guraso elkarteak iragan astean hasitako Udaberri Festa hurrengo ekinaren 11n eta 12an borobilduko dute.
Zumarte Musika Eskolak ikasturtea agurtzeko kontzertu sorta antolatu du, bestalde, ekainaren 10etik 18ra. Urtean zehar talde ezberdinek eginiko lau hormen barruko lanketa plazaratuko diote herri honi. Sutegi udal liburutegiak aste hasiera honetan borobilduko du, uda aurretik antolaturiko ekintzen zikloa, irakurle gazteen topaketarekin edota Alaine Agirrek bideraturiko azken irakurketa solasaldiarekin.
Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hilaren 13an agurtuko du uda aurreko dinamika, kantu-jira berezi batekin. Amaia Zubiria Zubietako kantariari eskainitakoa izango da.
Etumeta AEK euskaltegiak 2026-27 ikasturtera begirako aurrematrikulazio kanpaina abiarazita eta neguaz geroztik martxan izandako 4. Etumeta Literatura Lehiaketako sariak ekainaren 3an banatuta amaituko du denboraldi hau.
Orbeldi dantza taldeak dantza poteo bidez agurtuko du sasoi hau hilaren 18an, udako festen errondan eskaini ohi dituen erakustaldiei ekin aurretik. Usurbilgo dantza garaikide taldeak "Bizi dantzan!" izeneko saioarekin urtean zehar eginiko lanketa plazaratuko du hilaren 26an.
Aurkezpen eta antzezlanak
Izango da bestelako ekintzarik ere. Sortalde Usurbilgo energia komunitateak Agerialdeko teilatuko eguzki plaken instalazioa aurkezteko ekitaldia deitu du ostiralerako, hilaren 5erako.
Zenbait antzezlan ere programatu dituzte; Zubietako elizan "Jo!" izenekoa Zubieta Lantzen bilguneak larunbatean, ekainaren 6an, Anduriña Zurutuzarekin eta Beatriz Egizabalekin. Gure Pakea elkarteak, bestalde, Binahi antzerki taldearen "¿Quién ha matado a Verónica?” antzezlana programatu du hilaren 13an Sutegin.
Igandeetan, lasterketa, jaia eta azoka
Igandeetarako goiz edota egunpasa ederrak egiteko aitzakia izango dugu Usurbilen; hasteko, ekainaren 7an, 2. Kultur Azoka parte hartzaile eta interaktiboa antolatu du Arrobitxulo elkarguneak, egitasmoa zertan den azaldu eta kultur eragileen egitasmoak ezagutarazteko. Hilaren 14an, 6. Uxue Mendi Trail Mendi Lasterketa Solidarioa egingo da, berritua datorrena, eta arratsalde partean, "Hil Arte Bizi!" izeneko jaia antolatu du Iñurri elkarteak; liburu aurkezpen, haurrentzako eskulan tailer, desfile edota kontzertu akustikoarekin.
Jakin jardunaldia
Ez da izango Askatasuna plaza ondoan egoitza duen elkarteak iragarritako ekimen bakarra. Izan ere, apirilaz geroztik Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko "Komunitatetik, heriotzaz" izeneko zikloaren baitan ere parte hartuko du Iñurri elkarteak. “Heriotzaren aurrean” izeneko zuzeneko podcast-a eskainiko dute hilaren 11n Sutegin.
Hitzaldiez ari garela, ezin ahaztu, UEU-ren udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia, Udalarekin eta Jakinekin batera antolaturikoa. Aurtengoa, ekainaren 18an eta 19an izango da; "euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak" izenburupean. Matrikulazio garaia zabalik duzue.
Beste hitzaldi bat ere izango da, kasu honetan, Agifes elkarteak antolaturikoa, "elkar laguntza: buru osasunaren giltzarri" izenekoa hilaren 9an.
Festa giroa Kalezartik Usurbilera
Ekaineko bi hamabostaldien arteko lotunea egingo dute, batetik, Alkartasuna kooperatibaren egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko 7. txapelketak (interesdunek izen-ematea zabalik dute) eta egileen artean, Jakoba Errekondo duen "Zuhaitzak eta Arbolak Euskal Herrian" liburu aurkezpenak.
Bigarren hamabostaldian, uda garaiko ekimenetan murgilduko gara. Ohi bezala, Kalezarren ekingo diete aurtengo jaien denboraldiari. Ekainaren 19an hasi eta 24ra arte luzatuko dira bertako festak; ez dira faltako haurrei zuzenduriko ekintzak, kontzertu gauak, San Juan eskea eta sua piztea edota auzotarren elkargune lanak egingo dituzten hitzordu gehiago. Gero, uztailaren 1etik 5era hartuko du lekukoa Usurbilek. Usurbilgo jaiak hain zuzen, azken urteotan jendaurrean aurkeztu izan dira. Aurtengoan ere hala egingo dute, ekainaren 17an ezagutu ahalko ditugu xehetasun guztiak.
Kalezarko eta Usurbilgo jaien artean, Usurbil F.T.-k betetako 50 urteen harira hainbat ekimen iragarri ditu; besteak beste, bost hamarkada hauei lotutako erakusketa Sutegin, beteranoen arteko partidak edota bazkaria eta jaialdia hurrengo asteotan.
Ekintza hauen eta gainerakoen berri jaso ahalko duzue web orrialde honetako "Agenda" atalean. Sarrera edo gonbita eskuratu behar den hitzorduetarako, usurbilkultura.eus plataformara jo beharko da.