2022ko ekainean, duela lau urte estreinakoz antolaturiko ekimena bueltan datorkigu, bigarren ekinaldirako indarberritua. Kultur Azoka antolatu du Arrobitxulo elkarguneak igande honetarako, ekainaren 7rako.
Bi orduko iraupena izango du ekimenak, eguerdiko 12:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko da Dema plazan. Hainbat osagai izango ditu hitzorduak; tailerrak, jolasak, tonbola, zozketak baita herriko diseinatzaileen arropa erakusteko desfilea ere, duela lau urteko estreinako edizioan arrakastatsua suertatu zena.
Halere, azoka izango da igandeko ekimenaren erdigunean kokatuko dutena. Azoka horretan herriko kultur eragileek parte hartuko dute. Haien sorkuntza lana, egitasmoak ezagutzeko aukera izango da. Gehienetan, egin ohi duten lanketaren emaitza ikusi izan dugu; kasu honetan, ordea, emaitza horretara heltzeko prozesua da plazaratu eta herritarrekin partekatuko dutena.
Askotariko postuetan barrena osteratxoa egin ahalko da eta tartean, etorkizunean, ikastola, kiroldegi eta anbulatorio pareko zelaian kokatuko den Arrobitxulo elkargunea zertan den jakiteko ekitaldia ere antolatu dute. Gazte mugimenduarekin eta aisialdiko eragileekin batera, kultur eragileok barne hartzen dituen herri egitasmoari buruzko xehetasun hainbat ezagutzeko aukera izango da, beraz.
Kultur eragileak elkartu, saretu, nahiz kultur sortzaileekin harremantzea ahalbidetuko du ekimen honek. Kulturaren plaza izango da beste behin Usurbilgoa, igande honetan.
2. Kultur Azoka
Ekainak 7, igandea
Tokia: Dema plaza.
Egitaraua:
12:00 Azokaren irekiera.
12:45 Moda desfilea.
13:30 Ekitaldia.
14:00 Itxiera.
Azokan zehar, tailerrak, jolasak, tonbola, zozketak.
Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.
