Buruntzaldea Euskaraz

Gidabaimena euskaraz ateratzeak saria du eskualdean, baita Usurbilen ere

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 2a

Buruntzaldeko udalek eta autoeskolek sustaturiko Gidabaimena Euskaraz egitasmoari lotutako urteroko zozketa egin zuten maiatzaren 28an. Guztira zortzi izan ziren sarituak; tartean, Usurbilgo herrikide bat. Saria jaso du dagoeneko, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz landu eta hizkuntza berean gainditzeagatik.

 

Albiste honi atxikitako irudian duzue Saray Hernandez Etayo herrikidea. Bera izan da, Buruntzaldeako udalek gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko 2010. urteaz geroztik abian duten kanpainako sarituetako bat. Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz landu eta hizkuntza berean gainditu izanagatik 400 euroko saria irabazi du. Usurbilgo Udaleko euskara alorreko zinegotzi Maialen Iñarra Arregiren eskutik jaso du saria.

Aldaketak
Buruntzaldean gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzea saritu egiten dute eskualdeko autoeskola hainbatek eta udalek. Horretan dihardute azkeneko hamasei urteoan, alor hau ere euskalduntzen. Iaz, ahalegin hori egin zutenen artean, hau da, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu zutenen artean, 400 euroko zortzi sari zozketatu zituzten maiatzaren 28an, Andoaingo Bastero Kulturgunean eginiko ekitaldian. Eskualdeko udalerri bakoitzean dagoen autoeskola kopuru adina saritu izan ziren; Andoainen bi, Hernanin hiru eta Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen saritu bana.

Autoeskoletako nahiz udaletako ordezkariak bildutako Andoaingo ekitaldian, bertako udalerriko euskara alorreko zinegotzi Marta Lasak eta udaletxe eta alor bereko udal teknikari Arantza Garciak azaldu bezalaxe, hamasei urteko ibilbidea osatu du Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek sustaturiko egitasmo honek. Aurten seitik bostera murriztu da udalerri parte hartzaileen kopurua. Izan ere, "Lasarte-Oriak ez du parte hartuko, abian jarri baitu, dagoeneko, dirulaguntza zuzenen sistema berria".

Ibilbide luzeko egitasmo honetan aldaketa nabarmen bat txertzera doaz hain zuzen. "Orain arte, zozketen bidez egin dugun prozedura, aurrerantzean dirulaguntza zuzenak izango dira". Horren harira, Buruntzaldeako hainbat udal hausnarketa lan betean direla jakinarazi zuen Lasak, "Gidabaimena Euskaraz" egitasmoari jarraipena nola eman zehazteko.

Lasarte-Oriako Udalak martxan jarri bezala, "eskualdeko beste udal batzuk ere hasiko dira dirulaguntza zuzenak ematen: Andoain, Hernani eta Astigarraga, kasu". Horri buruzko informazioa hurrengo hilabeteotan zabaldu asmo dute. Halere, ziurtatu zuten "erraztasunak eskainiko zaizkiela gidabaimenaren azterketa euskaraz egiten duten herritarrei".

Eskertza
Orain artekoari buruzko balantze gozoa egin zuen. "Azken urte hauetan guztietan, herritarren partaidetza oso handia izan da. 1.300 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte eta zentzu horretan, bilatutako helburua lortu da; eremu honetan ere, euskararen erabilpena sustatzea".

Halere, parte hartzea murrizten joan dela ohartarazi zuten. Aurtengo zozketara etorrita, 69 lagunek parte hartu dute aurtengo deialdi honetan, haien herena, 20 Usurbilgoak izan dira. Haiek guztiek egitasmo honekin bat egindako autoeskola hauetan landu eta gainditu zuten iaz, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz: Andoaingo Bengoetxea eta Vallina CAP izenekoetan; Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi autoeskolatan; eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal autoeskolatan.

Zozketaren amaieran, saridunak zoriontzearekin batera, urteotan guztiotan gidabaimena euskaraz prestatu eta eskuratzeko ahalegina egindako ikasleak edota eskualde mailako egitasmo honekin bat egindako autoeskolak eskertu zituzten. "Azken finean, beraiek egin dute bidea eta lagundu dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzea naturalagoa eta normalagoa izatea".

"Gidabaimena Euskaraz" datuetan
Egitasmoaren sustatzaileak: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak.
Autoeskola parte hartzaileak: Andoaingo Bengoetxea eta Vallina CAP; Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal.
Gidabaimena atal teorikoa euskaraz ateratakoen kopurua:
-Andoainen: 7.
-Astigarragan: 8.
-Hernanin: 28.
-Urnietan: 6.
-Usurbilen: 20.
Guztira: 69.
Zozketan sarituak:

-Andoainen: Maren Jauregi Ugartemendia eta Nahia Gorostidi Lopez.
-Astigarragan: Enaitz Isasti Zabaleta.
-Hernanin: Eki Sanchez Balerdi, Endika Recondo Murua eta Ane Livi Santacruz Elosegi.
-Urnietan: Hegoi Lizaso Lopez.
-Usurbilen: Saray Hernandez Etayo.
Saria: 400 euro.