Lehen nazional mailan lehen denboraldia jokatu duen Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldeko entrenatzailea izan da Aitor Santos. Xabat Segurola Beloki usurbildarra ordezkatu zuen iaz. Haren lekua hartuko du orain, Iñigo Moreno Azkuek. Bera izango da, aipatu moduan, hurrengo 2026-27 denboraldira begira, eskubaloi talde berak, lehen nazional mailan lehiatzen segiko duenaren prestatzaile berria. Usurbil K.E.-k jakinarazi duenez, "akordioa lortu du Iñigo Moreno Azkuerekin lehen nazional mailako taldeko entrenatzaile berria izan dadin datorren denboralditik aurrera".
Moreno Azkuek (Orio, 1979) "eskubaloia Usurbil Kirol Elkartearen bidez ezagutu zuen. Bost urte egin zituen klubean, tartean Espainiako txapelketetaraino iritsiz, edo klubean zegoela Euskal Selekzioarekin Estatuko Erkidegoen txapelketa irabaziz kadete mailan". Tarte hori igarota, Zarauzko taldearekin segi zuen lehiatzen beste hamabost urtez. "Zilarrezko mailara igotzeko bost fase jokatu eta gero, hiru aldiz lortu zuen jokalari gisa zilarrezko mailara igotzea, bertan urte batzuk mantentzea lortuz". Segidan, entrenatzaile lanetan hasi zen. "Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko mailako taldea entrenatu" zuen bi urtez. Horrekin batera, "hondartza eskubaloiaren bultzatzaileetako bat ere izan da Gipuzkoa mailan".
Ibilbide honekin, Usurbil Kirol Elkartera itzuliko da Oriokoa. "Lehen nazional mailan sendotu eta taldeari bultzada berri bat ematera" dator. Eskubaloi taldeen bilgunetik aurreikusi dutenez, "horretarako, nahiz eta agian kanpoko jokalariren bat etorri, bereziki etxeko jendearekin egindako proiektua zuzenduko du, fokua epe motzean baino, epe ertain eta luzean finkatuz".
Matrikulazio garaia
Eskubaloi taldeen bilgunean hurrengo 2026-27 denboraldian parte hartu nahi dutenentzako matrikulazio epealdia ireki duela jakinarazi du Usurbil Kirol Elkarteak. "Hurrengo denboraldian gurekin eskubaloian jokatu nahi?". Hala egin nahi dutenek, "datorren denboraldian gurekin jokatu nahi baduzu", honako galdetegia betetzeko gonbita egin dute: https://forms.gle/iH8jJRPoFCqEj3M27
Izena emateko azken eguna ekainaren 19rako finkatu dute. "Aurrerago, umeei bideratutako ate irekiak ere antolatuko ditugu jokalari berriek probatzeko aukera izan dezaten. Interesa baduzu, adi egon gure sare sozialei eta bertan emango dugu informazio guztia", jakinarazi dute Usurbil K.E.-tik. Argibide gehiago behar dituenak bideotatik jaso ditzake: usurbilkirolelkartea@gmail.com / 610 003 227. "Animatu eta zatoz eskubaloiaz gozatzera!", egin dute gonbita.
Julen Lejardi eskubaloi kanpusa
Ekimen hau ere antolatu du Usurbil K.E.-k. Aurtengo edizioa ekainaren 22tik 26ra izango dela iragarri du Usurbil Kirol Elkarteak, 09:30-12:30 artean. Lehen Hezkuntzako eta DBH 1-2 mailetakoei zuzendua egongo da. “Jarduera fisikoa eta eskubaloia modu ludiko eta dibertigarrian ezagutaraztea izango da” helburua. Antolatzaileen esanetan, “parte-hartzaileek kirol honen oinarriak landuko dituzte jolas, dinamika eta jarduera entretenigarrien bidez, giro atsegin eta hezitzaile batean”. Ekimenak iraungo duen egun horietan “gonbidatu bereziren bat” agertu daitekeela iragarri dute, gazteak poztu ditzakeena. Izen-ematea zabalik dute esteka honetan: https://forms.gle/gWvYsDbLQuSLLUhh9